Jon GARMENDIA
Idazlea

Herriaren lurraldea

Berriki plazaratu du “Lurraldea eta herria” liburua Eneko Bidegainek Pamiela argitaletxearen eskutik; mimoz eta artez landutako saiakera bat da berea, eta bertan, Euskal Herriaren bilakaeraren kronika egiten du, mendeetan gertatu den haustura baten berri emanaz; hau da, herri batua izatetik herri zatitua izatera nola iragan den euskaldunon herria. Gaur egun, Nafarroako Foru Erkidegoa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Euskal Hirigune Elkargoa dira lurralde zatitu horren erakusleiho, eta identitate kolekti boak, hizkuntzak eta kulturak ez dute osoki eraikitzek o espazio bateraturik. Estimuan dut Eneko, adimen handikoa izateaz gain, gordin eta zorrotz behatzen baitio errealitateari, eta ez da nehoiz kritikaren bazterretan betikotzen, irtenbideak proposatzeko gai da, alternatibak badaudela aitortzen du, nahiz eta horiek eratzeko bidea malkartsua dela ohartarazi.

Ezkorra dirudi, baina ez da, egiari mintzo zaio, egiazki mintzo da, eta “hooliganismoa” hainbeste hedatu den gure gizartean eskergarri zait Enekoren ekarpena, beti. Kexuz, oihuka, eta aldarrikapen hutsalekin ez baitago deus eraikitzerik nehon. Beharrezkoa da hausnartzea, eztabaidatzea, eta lehentasunak finkatzea, behin norabidea zehaztuta helbururantz abiatzeko, ez dezan inork erran hemen herri bat izan zen, baizik herri bat dago. Zazpiak bat beti izango baita hobe zazpitan bat baino.