Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Surf

Surfaren historian aztarna utzi duten bost momentu esanguratsu

Hawaiiko olatu handietan hartu eta zabaldutako lehen irudia; arraun eginaz inoiz hartu den olatu handienetakoa; beste surflarien isekei kasurik egin gabe hiru lemako taulak erabiltzen hasi zen surflaria; eta surf egiteko moduan paradigma aldaketa bat gertatu zen unea.

Surfaren historian eragin gehien izan duten bost gertakari hautatzea ez da batere erraza, ezartzen diren irizpideen arabera emaitza oso desberdina izango baita. Beraz, hemen aipatzen diren bost adibideak ez dira garrantzitsuenak, baina inor gutxik jarriko du zalantzan eragin handiko gertakariak izan direla.

Bost gertakari hauek hautatzeko ez dut irizpide zehatzik hartu; soilik interesgarriak izan daitezkeen bost adibide dira. Gainera, kasu bakoitzean sakondu ahal izateko lekurik ez dago hemen, baina interesa duenak bere kabuz ikertzera bultzatzeko balio dezakete.

Argazki baten indarra

Thomas “Skip” Tsuzuki argazkilari ezagunak, Buzzy Trent, Woody Brown eta Gorge Downing surflariak Makahan (Hawaii) olatu handi bat jaisten agertzen ziren irudia hartu zuen 1953ko azaroaren 27an, eta irudi hark hurrengo belaunaldi eta olatu handietako surflariengan sekulako eragina izan omen zuen; izan ere, ordura arte surfa olatu txikietan bakarrik egin zitekeela pentsatzen zen.

Urte batzuk lehenago, hasi zen surfa indar hartzen AEBetan, 40ko hamarkadan, baina oraindik ez zuen ikusleriaren onarpena, ez zen kirol moduan ikusten, jolas gisa baizik. 50eko hamarkadan, ostera, ideia berriak agertzen hasi ziren, proiektu berriak, urautsi berrien bila bidaiatzen hasi ziren surflariak eta Hawaiiko Oahu uhartean zenbait surflari batu ziren sasoi hartan ezarrita zeuden mugak gainditzeko. Aipatu argazkiak mugak gainditu nahian zebiltzan surflarien balentria erakutsi eta testuinguru hura laburbiltzen zuen.

Surfak eta surflariek errespeturik merezi ez zuten unean, beren bizia arriskuan jartzen zuten surflarien argazki hura aldizkari eta egunkarietako azaletan agertu izanak surfarekiko zegoen ikuspegi negatiboa aldarazi zuen. Aurrerantzean, surfa ez zen gehiago «haurrentzako jolas bat» izango.

Hortik lau urtera, 1957an, Waimean (Oahu uharteko urautsi arriskutsu bat) surf egiten hasi ziren surflari gazteak eta olatu handietako argazkiak gero eta ohikoagoak bilakatu ziren egunkarietan.

Greg Noll

1969ko abenduaren 4an, Greg Noll estatubatuarrak inoiz arraun eginaz surflari batek hartu duen olatu handiena hartu omen zuen. Egun hartan Hawaiiko Oahu uharteko iparraldean sekulako txikizioak egin zituen itsasoak eta zenbait kasutan biztanleak ere ebakuatu behar izan zituzten.

Egun hartan itsasoak eragin zituen kalteen irudiak badira, baina ez, Greg Nollek hartutako olatuarenak; beraz, posible da azken urteetan beste surflariren batek olatu haren tamaina gainditu izana. Halere, istorio mitiko honek egunerokotasuna izaten jarraitzen du eta garai hartako baldintzak kontuan hartuta inork ez dio meriturik kenduko inoiz izan den olatu handietako surflari esanguratsuenetakoari.

Horrela kontatzen zuen pasadizoa Greg Nollek berak: «Uhartearen iparraldean dagoen Yokohamako badiatik olatu munstroak zetozen. Batzuetan hain perfektuak ziren, ezen Malibu edo Rinconeko olatu txikiak baitziruditen; alde bakarra olatu haiek 30 oin edo gehiago zituztela zen eta gandorrek 30 yarda edo gehiago jaurtitzen zituzten bortizki. Beste batzuetan 200 yardako zabalera zuten sekzioak lehertzen ziren; beldurgarria zen. Sekzio bat jaso zen nire aurrean eta kontatzen hasi nintzen, mila eta bat, mila eta bi, mila eta hiru, eta boom! Olatuaren behealdean nintzen. Nahiz eta kostatik oso urrun egon, olatuaren leherketak harri txikiak aterarazi zituen hondotik eta nire taularen gainaldean erortzen ziren, ez nuen sekula halakorik ikusi».

Simon Anderson

Surfaren industria sasoian zegoen 80ko hamarkada hasieran; material berriak, markak, txapelketak, eta abar. Taulen formari dagokionez ere proba asko egiten ari ziren, baina surflarien komunitateak aldaketak onartzeko zerbait zinez bereizgarria behar zuen, zeren urte gutxitan eman ziren itzelezko aldaketen ostean, ez zirudien epe motzera ezer hoberik egin zitekeenik.

Simon Anderson surflari eta taulagile australiarra gutxietsi egin zuten. Burlak eta isekak jaso zituen 1980. urtean hiru lemako taula asmatu zuenean. Urte batez aritu zen bere asmakizunak egiaz funtzionatzen zuela frogatu nahian, baina inor gutxik egin zion kasu. Berarekin errespetuz jokatu zutenek ere bere asmakizunak gehienez metro bateko olatuetan surf egiteko balio zuela esaten zuten.

Aitzitik, 1981. urtean itsaski handiak izan ziren munduko txapelketetan, eta modan zeuden bi lemako taulekin olatuaren magalari eusteko zailtasunak zituzten beste surflarien ondoan, Andersonek bere taula hobea zela frogatu ahal izan zuen, baina horretarako bi txapelketa esanguratsu irabazi behar izan zituen.

Lehenik Bell’s Beacheko txapelketan; ia bost metroko olatuak izan ziren, inoiz txapelketa bat egiteko izandako handienak, eta berak irabazi zuen. Jarraian, taula berarekin itsasoratu zen Hawaiin, Pipelineko txapelketan eta han ere txapela irabazi zuen. Ordutik surf taula gehienek hiru lema dituzte.

Tom Curren

Lotsatia, oldarkorra, sortzailea eta berritzailea, Tom Curren izan zen, dudarik gabe, 80ko eta 90eko hamarkadetako surflari esanguratsuena. Ezin zuen fama jasan eta, hala, bat-batean desagertu eta ermitau gisa bizi zela zabaldu zuten surf aldizkariek. Alabaina, berriz ere ezustean agertu eta munduko txapelketa garrantzitsuren bat irabazi edo zeresana emango zuen zerbait egiten zuen.

Bitxikeria moduan, bada oso ezaguna den pasadizo bat. 1993. urtean Frantzian egiten ari ziren munduko txapelketa batean agertu zen, denda batean erosi zuen bigarren eskuko taula batekin, eta munduko rankingean momentu horretan zortzigarren postuan zen Matt Hoy kaleratu zuen.

Tom Currenek txapelketa hartan erabilitako taula bi lemako taula zahar bat zen, 70eko hamarkadakoa, eta horren ostean berriz ere modan jarri ziren mota horretako taulak.

1990. urtean puntu gorenean zen Curren, baina lehiaketaz nazkatuta zegoela aitortzen zuen. Ez zuen gehiago lehiatu nahi, baina urte bat gehiago iraun zuen; horrela, urte hartan munduko itzulia egin, irabazi eta desagertu egin zen.

Urte hartan, ordea, gauza esanguratsu bat gertatu zen Lacanauko (Frantzia) txapelketan; izan ere, Kelly Slater gaztearekin izan zuen txanda paradigma-aldaketa baten adibide garbia izan zen.

Slaterrek ariketa berriak egin zituen, airekoak eta 360 graduko itzuliak, baina epaileak oraindik ez zeuden halako surfa puntuatzeko prestatuak; beraz, Currenek pasatu zuen txanda hura. Egun txanda hura errepikatuko balitz, zalantzarik gabe, Slaterrek irabaziko luke. Epaileek ez bezala, Currenek bazekien txanda hura egiaz nork pasatu behar zuen.

Kelly Slater

Bere lehen munduko titulua 1992. urtean irabazi zuen Kelly Slaterrek. Hogei urte zituen orduan, eta hurrengo urteetan jaun eta jabe izan zen lehen mailako itzulian. Hiru hamarkada darama Floridako surflariak lehen mailan lehiatzen eta dagoeneko 11 bider izan da munduko txapelduna.

Edonola ere, lortu dituen titulu guztiak alde batera utzita (kontaezinak dira), surfari egin dion ekarpen handiena surf egiteko modua izan da. “Eskola berria” (New School) deitu zuten belaunaldi baten ordezkari gisa egin zen famatu, surf egiteko modu berri bat ezarri zuen, eta egun oraindik ez da aldatu surf egiteko molde hor