Ariane KAMIO
DONOSTIA

Bariazio sinfonikoa

Edgar, Dvorak eta Rakhmaninov dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonamendu denboraldi berriko errepertorio sinfonikoko giltzarriak. Gonbidatuen artean, Zukerman, Lindberg, Hough, Volodin eta Ehnes. Euskal sorkuntzak presentzia berezia izango du.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko (EOS) zuzendari titular Robert Treviñok etxe baten antzera irudikatzen du orkestra baten jarduna. «Batzuek pentsatzen dute musika klasikoa jende aberatsarentzat dela, ez dela edonorentzat. Baina oker daude. Ni neu pertsona arrunta naiz, janari arrunta jaten dut eta urarekin kozinatzen dut, besteek bezala». Xume agertu zen atzo bigarren urtez EOSeko zuzendari titular izango den maisua. Berea da Orkestra Sinfonikoa etorkizuneko estrategia baten baitan jartzeko ardura, nazioartekotzean urratutako bidea sendotu eta gorentasuna laztantzen hasteko moduen ezarlea.

Datorren irailaren 27an abiatuko den abonamendu denboraldi berriaren aurkezpena egin zuen atzo, Miramonen, eta EOSek bariazioen funtsari helduko dio 2019ko ekainaren 19ra bitartean eskainiko dituen 50 kontzertuetan. «Ez diegu gure entzuleei esan nahi zer pentsatu behar duten, iradokitzea da gure lana. Konexioak egiteko eremu bat sortu nahi dugu, belaunaldien arteko loturak, denborarenak... Eta horretarako, pentsamendua zabaldu behar dugu. Ustez denok berdinak gara, jaio, bizi eta hil egiten gara. Denok maitatu izan dugu, maite genuen norbait galdu, gauzak ondo eta gaizki egin izan ditugu... Gauza berberaren gaineko bariazioak dira eta hori da interesatzen zaiguna».

Programa

Treviñok diseinatutako denboraldi berrian «erresistentzia, gatazka, berradiskidetzea» kontzeptuei erreparatzea proposatu du, Xostakovitx eta Britten-en bitartez. Baina bariazioen kontzeptuarekin, hiru musikagileri jarriko die arreta berezia, Elgar, Rakhmaninov eta Dvorak. Mahlerren errepertorioa ere presente egongo da, bere 9. sinfoniarekin.

Denboraldia irailaren 27an abiatuko da Webern-en eta Ramon Lazkanoren arteko kontraste estetiko batekin eta Sibeliusek ere bat egingo du haiekin, naturako aldaerekin inspiratuta.

Azaroan, Dvorak-en “Piano eta orkestrarako kontzertua” eta Elgar-en “Enigma-aldaerak” uztartuko ditu EOSek, Stephen Hough piano-jotzailea gonbidatu izanik. Hough-ek berak Euskal Herriko soinuetan inspiratutako lan bat ekarriko dut, “Agata”, txistu eta orkestrarako sortutako partitura bat, Garikoitz Mendizabalekin batera interpretatuko duena.

Otsaila biolinaren garaia izango da. Barber-en “Biolin kontzertua” eskainiko du James Ehnes-ek, eta Rakhmaninov-en “Bigarren sinfonia” ere entzun ahal izango da Orkestraren eskutik. Maiatzean iritsiko da Mahler-ren 9. sinfoniaren txanda, non amaiera iragartzen baituen. Eta maiatzean ere Dvorak eta Elgar uztartuko ditu Treviñok, Pablo Ferrandez bakarlari lanetan jarrita. Denboraldiari amaiera ekainean emango zaio Rakhmaninoven “3. pianorako kontzertua”-rekin; Alexei Volodin arituko da pianoan.

Treviñok berak programazioaren zati handi bat hartuko badu ere, hainbat zuzendari gonbidatuko ditu. Hans Graf, 90eko hamarkadan EOSeko zuzendari titular izandakoa izango da horietako bat. Pinchas Zukerman eta Christian Lindberg ere Orkestrarekin arituko dira 2018/2019 denboraldian. Melanie Levy-Thiebau-k itxiko du zirkulua.

Euskal sortzaileak

Irailean hasiko den denboraldi berria Ramon Lazkanoren sorkuntza batekin abiatuko da; “Hilarria” lanarekin itzuliko da orkestrako atriletara. Xabier Otaolearen obra ere EOSen denboraldi berrian eskainiko da, zehazki, “Izozmendi” lana estreinatuko du Gasteizen. Abesbatzen arloan, Andra Mari Abesbatza egitarau barnean dago. Beethovenen hiru lan interpretatuko ditu; “Itsasoa bare eta bidaia oparoa, “Elegia kantua” eta “Fantasia korala”. Azken piezan Alemanian bizi den Alfonso Gomez piano jotzailea izango dute alboan.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak musikaz gaindiko kolaborazioak egiten jarraitzen du. Egun, Thierry Malandainen zuzendaritzapeko Ballet Biarritzekin elkarlanean dihardu. “Magifique”, “Errauskine” eta “Ederra eta Piztia” oholtzaratu ondoren, Malandainek “Marie Antoinette” lana eramango du agertokira. Bide horretan, 2013an eta 2015ean gertatu bezala, Orkestra Versaillesera itzuliko da 2019ko martxoan lau emanaldi eskaintzera.

Horrez gain, EOSek Bilboko Operaren (ABAO) denboraldiarekin duen konpromisoari eutsiko dio eta bi operatan parte hartuko du: “La Boheme” eta “Lombardi”.

Publiko berria erakartzeko helburuz –egun 7.000 bonu erosle dituela iragarri zuen Lakuako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek–, Musika Gela egitasmoari jarraipena emango dio.

Bonu berriak maiatzaren 24an jarriko dira salgai, 65 eta 218 euro arteko prezioan. Orkestraren webgunean –Euskadikoorkestra.eus– edo telefonoz (943013232) eskura daitezke.