Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Isabel Suarez: «Orriak pasa ahal izateko, idatzi egin behar dira»

Gizarteak ezin du aurrera egin bere historiako orrialdeak idatzi gabe badaude. Estatu espainoleko orrialde zuri horiei izen-abizenak jarri eta egia, justizia eta erreparazioa exijitzen dituen dokumentala da «Desde el otro lado del charco». Gaur emango da, Donostian.

Giza Eskubideen Zinemaldia munduko eskubideen urraketen erakusleiho da, baina baita etxera begira jarri eta salaketa zein aldarrikapenak egiteko esparru ere. Bide horretan badu zer esanik Isabel Suarez asturiarraren “Desde el otro lado del charco” dokumentalak. Gaur jaialdiaren baitan emango den lan honetan (Victoria Eugenia antzokia, 19.00), 36ko gerran eta Francoren diktadurapean egin ziren «gizateriaren aurkako krimenak eta genozidioa» Estatu espainoleko epaitegietan argitzearen aldeko aldarria egiten da.

Suarezek azaldu zuenez, 2010ean Argentinako kereilaren berri izan zutenean sortu zitzaien gaiaren inguruko dokumentala sortzeko ideia; «eztabaida horrek gizartean egon behar duela ulertzen dugulako eta, zoritxarrez, ez dela hala iruditzen zaigulako». Urte hartan, memoria historikoa berreskuratzeko lanean diharduten hainbat erakunde batu eta Argentinara bidaiatu zuten, herrialde amerikarrean «estatuak ukatu diena» lortuko zutelakoan: «36ko gerrako eta frankismoko gizateriaren aurkako krimenak eta genozidioa ikertu, zigorgabetasunarekin amaitu, justizia egin eta biktimen erreparazioa gauza dadin».

Izan ere, Auzitegi Gorenak 1977ko Amnistiaren Legea baliatu du krimen horiek ikertzea oztopatzeko eta Fiskaltzak ere lege bera erabili du Justizia espainolak argentinarrari lagun diezaiola ekiditeko.

Hala, Argentinakoa da egun frankismoa ikertzen diharduen prozesu bakarra eta, dokumentalean, kereila horren parte diren pertsonen testigantzak bildu dituzte egileek.

«Nola da posible, 80 urte pasa diren honetan, egoera honi irtenbiderik topatu ez izana?», galdegin zuen Josu Ibargutxik, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Aldeko Euskal Plataformako kideak. «Interes politikoak daude atzean. Francoren heriotzaren ondorengo zorigaitz handiena egitura guztiak bere hartan mantendu izana da. Amnistiaren Legeari ere bi artikulu batu zitzaizkion azken unean, frankismoaren arduradunak zigorgabetu ahal izateko», esan zuen.

Suarezen hitzetan, gertakari haiek argitzea eta «oraindik berreskuratu gabe dauden 130.000 gorpuekin zer gertatu zen jakitea» ezinbestekoa da, «historiaren orrialdeak pasatu ahal izateko, lehenik idatzi egin behar baitira».

“Desde el otro lado del charco” gaur emango dute Giza Eskubideen Zinemaldiaren barruan, 19.00etan Victoria Eugenia antzokian. Dokumentalaren aurretik, “Primeros días” laburra proiektatuko dute. Arratsaldeko saioan, aldiz, “El viaje a Islandia” eta “Los niños” emango dituzte (16.30ean, Victoria Eugenian) eta Intxaurrondoko kultur etxean, bestetik, film laburren emanaldia izango da, 19.00etatik aurrera.