15/05/2018

Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria
Zientzia

Argindarrak 300.000 kilometro egiten ditu segundo batean; ez dago unibertsoan abiadura handiagoan mugitzen den ezer. Sinapsiak konektatzen dituen elektrizitateari esker gure pentsamenduak bizirik dirau, motel sentitzen dugunean ere, istant bat baino ez da. Ipuin batzuetan zaldi harrigarria hartzen du heroiak, pentsamendua baino biziago korritzen duena; alegia, argindarra baino bizkorrago. Eta burmuina, atsedenik ez duen organoa, etengabeko elektrizitate festa da. Eta festa horretan sortzen dira ipuinak. Burmuina puzzle liluragarria da, altxor kutxa miragarria, ganbara zoragarria. Letrak, irudiak, usainak, oroimenak, desirak, gorrotoak, maitasunak, nekeak, pozak, tristurak… barreiatuak, noiz elkartuko zain.

Ipuina kontatzen hasi aurretik burmuineko sinapsiak hasi dira informazioa trukatzen elektrizitatearen bitartez, hasi dira burmuinaren puzzlearen zatiak handik eta hemendik ekartzen. Aktibitate frenetikoan daude. Ipuina lehenengo hitza sortu aurretik hasi da. Elektrizitatearen abiaduran kontalariaren burmuinak lehenengo hitza bilatzen du, kanpoko soinuak, usainak, ingurua jaso bitartean. Irudiak handik eta hemendik hasi dira biltzen, oroimenak, sentsazioak. Proteinak, hormonak, bakterioak dantza eroan daude, akelarre festan. Eta hasi da ipuina. Hitzen doinuak uhin luzapen ezberdinetan abiatuko dira entzulearen belarrira, kontalariaren keinuak argiak eramango ditu begietara. Eta entzulearen burmuineko sinapsien festa hasiko da. Elektrizitatea da. Kontalaritza zientzia da.