16/05/2018

Eskizofrenia artistikoa

Donostiako San Telmo museoak lan ildo berri eta iraunkorra zabaldu du. Asier Mendizabalen gogoeta batetik abiatuta, museoak dituen bi gatazka artistikoei aurre egingo die; izaera etnografikoari eta sorkuntza garaikideari. Ibon Aranberrik abiatuko du hausnarketa.

Ariane KAMIO|DONOSTIA
0516_kul_santelmo

Asier Mendizabalek 2014an San Telmo museoan aurkeztu zuen “Soft Focus” lana da “Museo Bikoitza” egitasmoaren abiapuntua. Donostiako museo horrek berezko berezitasun bat du Mendizabalen ustetan; hau da, izaera bikoitzekoa dela: museo etnografikoa, alde batetik, eta arte-bilduma, bestetik. “Soft Focus” lanean San Telmo museoko objektu etnografiko eta artistikoen bilduma aitzakiatzat erabiltzen zen, 70eko hamarkadako Sigfrido Kochek egindako argazki inbentarioaren bidez gogoeta bat garatzeko, museo baten ondareak zenbait kontakizun eta interpretazio desberdin izateko moduari buruz.

Lan hura abiapuntu hartuta, duela urtebete atondu zuen San Telmorako proposamena Mendizabalek. «Museo bikoitzaren ideia du oinarri, museo eskizofrenikoa ia, bateraezinak diren bi erdi, baina indar handia dutenak», aipatu zuen atzo artistak. Bi aldagai zehaztu zituen; batetik, museoaren errelatoa bera, eta bestetik, errelatoa bera egiten den corpusa; hau da, ondarea bera. «Ez da soilik ondare hori gordetzea, baizik eta nola iritsi den corpus horren parte izatera. Gizarte museoaren diskurtso pedagogikoa eta alor artistiko garaikidea batzean datza kontua».

San Telmo museoaren funtsari buruz aritu da. Izaera etnografiko horren barruan, iturri desberdinetatik jasotako obrak ditu museoak, eta iraganeko historiaren zati garrantzitsu bat bere egiten du. Sorkuntza modernoan, ordea, paradigma bestelakoa da, eta historia egiten, izaten jarraitzeko beharra antzematen da. «Ondarearen bitartez errelato berriak egiten jarraitu behar da», nabarmendu zuen Mendizabalek.

Aranberri, lehen gonbidatua

Etnografiaren eta arte garaikidearen artean sortzen den dikotomia horren inguruko hausnarketa egiteko helburuz sortu da, beraz, “Museo Bikoitza” egitasmoa. Mendizabalen beraren gogoetak abiapuntutzat hartuta, jarraipena izango du proiektu honek, urtero artista gonbidatu batek ildo horretan egingo duen sorkuntza lanarekin. Lehendabiziko gonbidatua Ibon Aranberri izango da.

Enkargu modukoa da San Telmok egin diona. Hamabi hilabeteko epea du aurrerantzean sorkuntza lan bat osatzeko, eta gerora urtebetez egongo da ikusgai museoan bertan. Epeak amaituta, lan artistikoa San Telmoren funtsean geratuko da eta, hartara, obra etnografikotik arte garaikidera doan bidea egiteko aukera izango du. Proiektua amaitutakoan, Aranberri bera izango da hurrengo gonbidatua aukeratu eta egitasmo berria koordinatzeko ardura izango duena. «Horrek ahalbidetzen du lantzen ari garen haria pertsona bakar baten erantzukizuna ez izatea eta partekatutako corpus metatu bat izatea bermatuko du». “Museo Bikoitza” egitasmoaren baitan sortzen diren obrak dohaintzan eskuratuko ditu San Telmo museoak.

Ibon Aranberrik, bere aldetik, ez zuen gauzatuko duen proiektuari buruzko azalpenik eman, baina hiru ardatz aipatu zituen: museoaren ondarea, museologia –«museoa ulertu, espazio eta egitura bezala– eta museoaren testuingurua. «Badirudi instituzio batek halako enkargu bat egiten dizunean egoera ideala sortzen dela, baina normalean ez da kontesturik izaten. Arte garaikideko zentroek arazo konkretuak erakusten dituzte ez-lekuak direlako. Baina hau beste muturra da, hiperkontestu bat. Hilabete batzuk eman ditugu hizketan eta proiektua tolesten joan da».

ABIAPUNTUA


«Museo Bikoitza» proiektuaren abiapuntua Asier Mendizabalek 2014an aurkeztu zuen «Soft Focus» lanean datza. Museo baten ondareak zenbait kontakizun eta interpretazio desberdin izateko moduari buruzko gogoeta bat zen.

URTEBETE


Ibon Aranberrik hamabi hilabeteko epea du aurrerantzean sorkuntza berri bat egiteko. Epea amaitzean lana urtebetez izango da ikusgai San Telmon. Bitarte horretan, bigarren artista bat gonbidatuko du proiektuari jarraipena emateko.