Amalur ARTOLA
ERRENTERIA

Emakumeen sorkuntzak protagonista, Musikasten

Musikagintzan ere bigarren planora erauziak izan dira emakumeak historian zehar, baina horrek ez du esan nahi sortzaile izan ez direnik. Aurten lehen aldiz, Eresbilek emakumeak lehen planora ekarri nahi izan ditu gaur hasi eta maiatzaren 27ra arte gauzatuko den Musikaste jaialdia antolatzeko orduan eta, hala, 25 emakumezko musikarik hartuko dute parte. Eresbilen artxiboan egin den bilaketa lan mardularen emaitza da aurtengo programa.

Musikasteko programazioaren erdia baino gehiagok izango du emakumea protagonista. Hala esanda ez dirudi ezer asko –are, orekak erdirantz behar luke–, baina historian zehar musikagintzan ere emakumeari jarri zaizkion atakak kontuan hartuta, aintzat hartzekoa da Eresbilek, euskal musikaren artxiboak eta Errenteriako musika astearen antolatzaileak, egin duen lana. Musikasteren aurkezpenean, erakundeko zuzendari Jon Bagues-ek emakumeek konposatutako lanak aurkitzeko «zailtasunak» izan dituztela esan eta Eresbilen artxiboan dauden 1.400 konpositoreetatik emakumezkoak 70 soilik direla zehaztu zuen, «eta horietatik asko egungoak dira». «XIII. mendekoa da dugun material zaharrena, eta badakigu Nafarroako Erreinuaren garaian kantorak zeudela; kantariak izateaz gainera konpositoreak ere baziren, baina ez dago inoiz konposatu izan zutenaren konstantziarik», zehaztu zuen.

Emakume musikagileen historian konstante bat izan dena: konposatu bai, baina partitura asko ez dira editatu, ez argitaratu, are gutxiago publikoki estreinatu edota zabaldu. «Horregatik, pentsatzen dugu aurten Musikasten interpretatuko diren zenbait obra estreinaldiak direla, edo behintzat jendaurrera gutxitan eramanak, baina ezin dugu ziur jakin», esan zuen Baguesek. «Badakigu 70 horiek baino askoz gehiago egon behar direla, eta uste dugu gure zeregina dela horiek aurkitu eta euren lana zabaltzea, baita egungo emakumezko musikagileen garapenean laguntzea ere, potentzialtasun osoa gara dezaten», argudiatu zuen.

Gaineratu zuenez, programazioa «emakumezkoak goraipatzeko» egin izanaren oinarrian Maria Luisa Ozaita dago: iaz zendu zen konpositore barakaldarra Mujeres de la Música elkartearen sortzailea izan zen, besteak beste, eta hari omenaldia egiteaz batera emakumezkoen ekarpena balioan jarri nahi izan dute. Hala, datuetan, 25 emakume musikarik hartuko dute parte jaialdian, kontzertu guztietan egongo da emakumezko batek sortutako obraren bat eta bi programa oso-osorik emakumeek sortutako lanez osatuta egongo dira.

Programa, egunez egun

Gaur, Gasteiz eta Donostiako jazz ikasleen kontzertua izango da, Niessen-en (20.00). Bihar, Ozaitaren omenezko kontzertua izango da. Quatuor Europak Barakaldoko musikagileak harizko laukoterako sortutako obrak interpretatuko ditu, baita Teresa Catalan, Zuriñe Fernandez Gerenabarrena eta Beatriz Arzamenda musikagile garaikideen obrak ere (Madalena ermita, 20.00). Igandean, Andre Maria parrokian (10.30), Raul del Torok berriki aurkitu dituen Aita Donostiaren obra berriak eta Marie-Bernadette Dufourcet musikologo, organista eta konpositore baionarraren “Vent Oblique” interpretatuko ditu. 11.00etako mezaren ostean, erlijiosoen lanak entzungo dira: Ignacia Olaizola, Mercedes Boyer, Eladia Garate, Sabina Iriondo eta sor Maria Concepcion Stmo. Sacramentoren lanak. «Beti fraideen konposizioez hitz egin izan da, baina mojek ere konposatu izan dute», zehaztu zuen Baguesek. «Eta txistuan ere ezohikoa da emakumezkoen lanak topatzea, lan handia egin dugu hauek aurkitzeko», nabarmendu zuen, Kontxi Labandibar, Sofia Larrauri eta Arantza Troncosoren partiturez ari zela. 12.00etan entzungo dira, Herriko Plazan eta Udal Txistularien Bandaren eskutik. Azkenik, 12.30ean eta Foru Plazan, Musika Bandak Eusko Ikaskuntzaren (sortu zeneko mendeurrena betetzen du aurten) omenezko kontzertua eskainiko du eta bertan Margarita Lorenzo de Reizabalen “American Souvenir” obraren bost zati entzungo dira; Eresbilen artxiboan hori da emakumezko batek sortutako bandarako partitura bakarra.

Ostegunean, maiatzak 25, ganbera-musika sortu duten lau emakumeren lanak interpretatuko dituzte Eugenia Boix (sopranoa), Estitxu Oraa (txeloa) eta Susana Garcia de Salazarrek (pianoa), 20.00etan Niessenen. Larunbatean, mende erdia bete duten San Juan Bautista, Araba eta Nora abesbatzei omenaldia egingo diete (20.00, Fatima parrokia) eta, igandean, Andra Mari abesbatzak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak itxiko dute aurtengo edizioa, orain berrehun urte zendu zen Manuel Sagastiri omenaldia eginez (20.30, Fatima parrokia).