Andoni ARABAOLAZA
BLOKE TXAPELKETA

Euskal lehiakideek bi zilar ekarri dituzte etxera

Hilaren 12an eta 13an, Bartzelonan, Espainiako Bloke Txapelketa jokatu zen. Gazteen mailan, Muriel Ruiz de Larramendi eta Eneko Carretero podiumera igo ziren. Carreterok, gainera, goi mailako bosgarren postua ere sinatu zuen seniorren artean.

Hilaren 12an eta 13an, FEDMEk antolatutako hitzordu nagusi bat jokatu zen: Espainiako Bloke Txapelketa. Bartzelonan izan zen, eta bi egunez gazteenek zein nagusienek aukera izan zuten nor baino nor jarduteko. Horrekin esan nahi dugu txapelketak gazteen zein seniorren mailak izan zituela.

Beste ekitaldi batzuekin alderatuta, seniorren maila hankamotz geratu zen. Bai, hala izan zen; izan ere, garaipenak lortzeko eta lehen postuetan burua sartzeko faboritoetariko batzuk ez ziren Bartzelonako blokeetan lehiatu. Batzuk Txinan ziren Munduko Koparen proba batean parte hartzen. Beste batzuek, berriz, atseden hartu zuten. Horien artean ziren hainbat euskal ordezkari: Andoni Esparta, Mikel Linazisoro eta Itziar Zabala.

Alabaina, FEDMEren hitzorduan izena eman zutenen kopurua handia izan zen oso. Gazteen mailan, 180 lehiatu ziren, eta, seniorretan, 75.

Gazteei dagokionez, hiru maila izan ziren: 16, 18 eta 20 urtez azpikoak. Oro har, maila ederra erakutsi zuten, eta finalera igarotzeko txartelak garesti saldu ziren. Ñabardura batzuengatik, bonus edo ekinaldi batengatik, lehiakide asko finaletatik at geratu ziren.

Adibidez, 16 urtez azpikoen mailan, Haizea Oses, bonus batengatik, ez zen finalean egon. Eta Joanes Esparta top batengatik. Biak ala biak seigarren izan ziren.

18 urtez azpikoetan, bestalde, Eneko Carretero urrearekin egiteko faboritoetariko bat zen. Besteak beste, Hector Bazan aurrean zuen, eta harekin lehia estua izan zuen. Sailkapenetan bi lehiakideek seina top egin zituzten. Finalean ere oso berdinduta jardun zuten. Launa bloke sinatu zituzten, baina Carreterok ekinaldi gehiago behar izan zituen. Azkenean, zumaiarra zilarrarekin egin zen. Nesketan, Aitziber Urrutia ez zen finalera pasa, baina zazpigarren postua lortu zuen.

Eta 20 urtez azpikoen mailan, nesketan, euskal ordezkarien artean hiru finalista egon ziren: Muriel Ruiz de Larramendi, Irati Zabala eta Suyapa Perez. Bi top lortu ondoren, Ruiz de Larramendik meritu handiko bigarren postua sinatu zuen. Zabala, bloke batekin, bosgarren izan zen. Perezek, berriz, ez zuen korapilo bakar bat askatu, eta seigarren postuan geratu zen.

Carretero, bosgarren

Biharamunean, seniorrak lehiatu ziren. Baina, ohi den bezala, gazte batzuk ere nagusiekin jarduteko aukera izan zuten.

Ekipatzaileei dagokienez, aurreratu behar dugu sailkapen faserako sei bloke prestatu zituztela. Blokeon estiloak ez zuen inor ezustean harrapatu. Ohi bezala, koordinazioa eta oreka eskatzen duten korapiloak jarri zituzten. Mugimendu fisikoak zituzten blokeak ere tartean ziren, eta indar handia eskatzen dutenekin ere ez ziren ahantzi.

Aurreratu dugun bezala, faborito batzuk ez ziren Bartzelonan izan; hala ere, maila handia duten beste batzuek ez zuten hutsik egin.

Nahiz eta 18 urtez azpiko kirolaria izan, Carretero seniorretan lehiatu zen. Eta onartu behar zaio sailkapenen txandan bikain baino bikainago jardun zuela. Izan ere, sei blokeetatik bost sinatu zituen. Lan horri esker, finalera igaro zen.

Bai nesketan bai mutiletan zortzi finalista izan ziren. Eta horiek guztiek lau blokeri egin behar izan zieten aurre. Lehena oso teknikoa zen; beste hirurak berriz, fisikoagoak.

Emakumezkoen mailan, finalean ez zen euskal ordezkaririk egon. Postu onena erdietsi zuena Ruiz de Larramedi izan zen; hamabigarrena izan zen. Maria Alarcon izan zen irabazlea.

Mutiletan, berriz, Carreterok soilik top bat egiteko aukera izan zuen. Garaipena Javier Canorentzat izan zen, eta gipuzkoarrak bosgarren postuan amaitu zuen. Ikus daitekeen bezala, gazte horren asteburua eraginkorra izan zen oso.