Haritz LARRAÑAGA
donostia
Surf

Stephanie Gilmore eta Filipe Toledo irabazle Brasilen

Mutilen zein nesken lehen mailako laugarren txapelketa iragan astean jokatu da Brasilgo Saquarema hondartzan. Stepahnie Gilmore australiarra WCT rankingeko buruan jarri da txapela irabazita. Mutiletan Filipe Toledo brasildarra gailendu da etxean.

WSL zirkuitua badoa aurrerantz pixkanaka. Brasilen izan da azken txapelketa eta honen ostean aldaketak izan dira lehen mailako rankingean. Nesken kategorian, Stephanie Gilmore australiarra izan zen garaile eta WCT rankingean lehen postuan jarri da. Mutiletan Filipe Toledok irabazi zuen txapela eta egun brasildarrak dira nagusi CT rankingean.

Gilmore berriz ere

Brasileko garaipena, aurtengo zirkuitua hasi zenetik Gilmorek eskuratu duen bigarrena da, izan ere, apirilean Bell’s Beachen irabazi zuen kanpai mitikoa. Brasilgoa aurtengo WCT itzulia osatzen duten hamar lehiaketetatik laugarrena izan da eta lortutako emaitzei esker egun rankingeko buru da sei bider munduko txapeldun izandako lehiakide beteranoa.

Metro bateko olatu garbiak izan ziren Rio de Janeiroko finalean. Haizerik ez eta eguzki ederra Saquarema hondartzan. Ordea, hondartzetan ohikoa izaten den moduan, lehiakideek olatu bila etengabe mugitu behar izan zuten eta halakoetan «zorte faktoreak» eragin handia izaten du.

Salbuespen gutxi batzuk kenduta, ez zen ezusteko emaitza esanguratsurik izan Brasilgo txapelketan. Hala, baldintzak oso aldakorrak izan arren, faboritoak gailendu ziren azkenean.

Lakey Peterson eta Stephaine Gilmore izan ziren finalean buruz buru. Olatu onak hautatzen nahikoa lan izan zuten, lehen biraren ostean indarra galtzen baitzuten olatu gehienek. Horregatik, lehen bira ahalik eta indartsuena egiten saiatu ziren surflariak, eta oso ongi aritu ziren. Baina Gilmorek olatuaren amaieran bigarren bira indartsu bat egiteko aukera eman zion uhin bat hartzea lortu zuen eta horri esker lortu zuen txapela.

Azkenean, beraz, Gimore gailendu zen 11,53 punturekin eta bigarren postua Lakey Peterson estatubatuarrarentzat izan zen. Aurtengo WCT zirkuituko lehen txapelketa Peterson berak irabazi zuen Snapersen (Australia), eta egun ranking orokorreko bigarren postuan da.

Hirugarren postuan Tatiana Weston-Webb dago, orain gutxi arte hawaiiar gisa lehiatzen zuen arren, aurtengo zirkuituan Brasil ordezkatzeko hautua egin duen lehiakidea. Bere atzetik, Carsissa Moore, hiru bider munduko txapeldun izana den hawaiiar ospetsua.

Brasildarrak gora

Mutilak ere Saquarema hondartzan aritu ziren, baina neskek baina olatu handiagoak izan zituzten. Olatu ederrenak azken egunean izan ziren, bi metroko eskuin olatu borobilak eta erreka haizea. Final laurdenetan ziren bi lehiakideetatik bat brasildarra zen, horrenbestez, ez zen harritzekoa finalean ere gutxienez brasildar bat izatea, eta hori Filipe Toledo izan zen.

Wade Carmichael australiarra izan zen finalera iritsi zen beste lehiakidea. Bi lehiakideak eskuin surflariak izan arren surf egiteko modu oso desberdina dute eta hori olatu gainean bakarrik ez, olatu aukeraketan ere agerikoa izan zen. Carmichaelek bazekien airekoak egiten ez zuela Toledo garaituko, beraz, ahalik eta olatu handiena hartu eta tubo eder bat egitea zuen xede. Toledok, ostera, olatu txikiak, handiak eta ertainak hartzen zituen, parean jartzen zitzaion guztia hartu eta ahalik eta etekin gehien ateratzen saiatzen zen, eta bere estrategiak balio izan zuen, olatu ertain batean itzelezko tuboa egin eta 9,93 puntu jaso baitzituen.

Finala amaitzeko bi minutu falta zirenean alde handiz ari zen irabazten Toledo, baina, hala ere, olatuak hartu eta ikuskizuna eskaintzen jarraitzen zuen. Hondartzan ziren milaka ikusleek sekulako oihuak eta txaloak egiten zituzten Toledok olatu bat amaitzen zuen bakoitzean, eta, garailea Toledo zela baieztatu zenean, ikusleak pozarren hasi ziren saltoka.

CT zirkuituko laugarren txapelketa amaitu ostean Julian Wilson australiarra da nagusi rankingean eta hurrengo postuak brasildarrek lortu dituzte. Toledo rankingeko bigarren postura igo da, Italo Ferreira da rankingeko hirugarren lehiakidea eta laugarren postuan Gabriel Medina aurkitzen da.

Bi proba ia batera Balin

Apirilean Australia mendebaldean egiten ari ziren Margaret Riverreko txapelketa ezin izan zuten amaitu marrazoen presentzia handiagatik txapelketa bertan behera uztea erabaki baitzuten WSLko arduradunek. Txapelketa egin zuten bitartean sekulako olatuak izan ziren, lau metroko eskuin olatu indartsu eta arriskutsuak eta ikuskizuna itzelezkoa izan zen. Mutilen kasuan hiru erronda bakarrik egin ahal izan zituzten osorik; nesken kategorian, ostera, final laurdenetara iristea lortu zuten txapelketa eten aitzin.

Lehen mailako zirkuituko txapelketa bat ez amaitzeak eragin handia izan dezake urte amaierako emaitzetan, azken finean ez baitira asko WSL itzulia osatzen duten lehiaketak (10 nesken kasuan eta 11 mutilenean). Hori dela eta, proposamen bat luzatu zuten WSLko arduradunek, eta, ondorioz, maiatzaren 27tik ekainaren 6ra bitartean Keramasen (Indonesia) izango den Corona Bali Pro txapelketaren ostean, Margaret Riverreko txapelketa osatzeko falta diren errondak egingo dituzte Balin bertan. Azken txandak egiteko hautatu duten lekua Uluwatu izan da.

Keramas eta Uluwatu urautsiak Indonesiako Bali uhartean daude, baina lehena eskuin olatua da eta bigarrena ezker olatua. Haizearen eta itsaskien norabidearen arabera, uhartearen alde batera edo bestera jo ahal izango dute antolatzaileek, beraz, ia-ia aldi berean bi txapelketa garrantzitsutan parte hartuko dute lehen mailako lehiakideek, txapelketa bat amaitu eta bestea hasiko baita.