Ramon SOLA

1976ko maiatza: Aljerreko entrenamenduek jarri ote zuten «Pertur» Estatuaren jopuntuan?

Gehiegi nabarmendu ez den arren, ETAko sortzaile gazteena da Eneko Irigaray. Egun, jada 82 urte dituela, urte distiragarri haietako pasarte ugari kontatu ditu Txalapartak argitaratutako liburu batean. Garai baten isla emateaz gain, datu berri garrantzitsu bat dakar kontakizunak: desagertu baino bi hilabete eskas lehenago, Aljerren zen Eduardo Moreno Bergaretxe «Pertur», polimilien trebatze ariketa militarren arduradun gisa.

Jose Miguel Etxeberria Naparraren desagerpena lehen planora itzuli da azken urteotan, auzi diligentziak berrabiaturik; ilunpeetan segitzen du, ordea, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur-enak, aurreko hamarkadan aztertu zen neofaxista italiarren hipotesia Auzitegi Nazional espainolak baztertu ostean. Denbora ez da alferrik pasatzen; ETAren hasierako urte haien protagonista zuzenak izan zirenen ahots ugari dagoeneko itzali da eta beste hainbatenak betirako isiltzeko arriskua bertan da. Testuinguru honetan garrantzia hartzen du erakundearen sortzaile gazteena izan zenak, Eneko Irigarayk, utzi berri duen lekukotasuna. Eta bereziki Perturri buruz jakinarazten duen datu berriak.

Elkarrizketa arin baina mamitsua egin dio Joxean Agirre kazetariak, ‘‘Eneko Irigaray, aljeriar konexioa. ETAren sortzaile baten ibilerak’’ izenburupean Txalapartak argitaraturiko liburuan. Agertoki asko ditu Irigarayren kontakizunak, baina garrantzitsuena horixe da: Aljeria, hamaika urte eman baitzuen han, 1965etik aurrera. Egonaldiaren bukaera aldera, 1976an, hasierako helburuetako bat lortu zuten azkenik ETAko boluntarioek: bertako eremuetan entrenamendu militarrak, klandestinoak baina «profesionalak», izatea. Maiatzean, Irigarayk zehazten duenez, Iñaki Perez Beotegi Wilsonekin batera hara heldu zen Pertur: «Entrenamenduak egitera zihoazen komandoei bidea egitera joan zen», zehazten du.

Ondorengo galderak logika osoa du, eta honela luzatzen dio Agirrek: «Badirudi Guardia Zibila konbentzituta zegoela Perturrek bazuela handik igaro ziren polimilien zerrenda osoa. Hori izan al liteke desagerpenaren arrazoia?». Irigarayren erantzuna, hauxe: «Ez dakit. Hori izan liteke hipotesi bat, baina nik ez dut daturik egiaztatzeko». Jakina dena da bi hilabete eskas beranduago, 1976 hartako uztailaren 23an, Moreno Bergaretxek hitzordu misteriotsu baterako deia jaso zuela eta bertan, Donibane Lohizunen, galdu zela bere arrastoa, gaur arte. Eneko Irigarayk eransten duenez, «Perturrek eta Sabin Atxalandabasok hitzordu bererako deia jaso zuten, eta badirudi Monzonen izenean egindako dei bat izan zela. Baliteke Guardia Zibila komandoen zerrendaren atzetik ibiltzea, eta hori ote den desagerpenaren arrazoia? Beharbada bai, baina ez dakit».

Zerrenda haren garrantziari erreparatzeko, honatx beste datu adierazgarri bat: Irigarayren hitzetan, 140 ETAko kide inguruk hartu zuen parte Aljeriako trebatze ariketa haietan, horietatik 80 inguru polimiliak eta 60 inguru miliak (berak dioenez, azken hauek Joxe Manuel Pagoaga Peixotoren eta Javi Larreategi Atxuloren ardurapean).

Elkarrizketan zehar Perturri zion estimu handia behin baino gehiagotan aipatzen du Eneko Irigarayk. Donostiarrak ziren biak, baina belaunaldi ezberdinetakoak: 1950ean jaioa zen Moreno Bergaretxe eta 1936koa da Irigaray. «Ez dakit zergatik, baina bai; afinitatea genuen, nik berarekin eta berak nirekin –aitortzen du–. Ez genuen lehendik elkar ezagutzen. Iparraldean ezagutu nuen. Oso pertsona interesgarria zen, eta esango nuke ideiak oso garbi zituen lider bat zela. Nik ezagutu nuenerako, oso kezkaturik zebilen trantsizioarekin. Beharrezkoa ikusten zuen alderdi abertzale eta ezkerreko bat eraikitzea egoera berriari aurre egiteko». Hausnarketa horretan bat egiten zuten biek: «Mugimendu eta indar asanblearioak interesgarriak dira garai batzuetan, baina, hauteskundeak iristen direnean, alderdiek pilatzen dituzte botoak –dio Irigarayk–. Hilabete batzuetan harreman estua izan nuen berarekin».

ETA Aljerian

Perturrez harago, zinez bitxia da aro eta esparru fisiko haren deskribapena Irigarayren ahotan: garai baten testigantza adierazgarria, orain ETAk bere zikloa amaitutzat eman berri duela are bitxiagoa suertatzen dena. Adibidez, kontsulen antzera ibili zen Eneko Irigaray Aljerretik, matrikula berezia zuen autoan. Mundu osoko beste askapen mugimendu armatuen kideekin harreman estua izan zuen: gogoan duenez, 40 erakunde inguruk zuten bertan «egoitza»: OLP palestinarra, ANC hegoafrikarra, IRA irlandarra, angolarrak, sahararrak, Kanarietako MPAIAC... ETA, haien guztien artean txikienetarikoa zen orduan. «Gu mundu mailan ez ginen ezer. Zulo batean geunden eta ezin genuen helburutzat hartu mundua guri begira jartzea», adierazten du pasarte batean.

Che Guevarak Aljerren eman zuen mitina da gogoan gorde duen lehen pasadizoetako bat. Hara iritsi ahal izateko gorabehera askotxo pasa zuten Madariagak eta berak 1965 hartan: Baionatik Belgikara, handik Italiara, hortik Tunisiara... Neguko arroparekin heldu ziren, udakoa autoan utzi eta norbaitek lapurtu zielako. Baina beraiek aurrera jo zuten ausart, hiru helburu garbi begi puntuan: armak eskuratzea, entrenamenduak egin ahal izatea eta Euskal Herrian emititu ahal izateko irratia lortzea. Itxuraz, bigarrena baino ez zen gauzatu, eta hortik urte dexentetara.

Bestalde, ETAko militantearen topikotik urruti da Irigaray. Ez zuten inoiz atxilotu eta ez da espetxean egon. «Ahots apala baina berezia, ezberdina eta deigarria» aurkitu du Agirrek mahaiaren bestaldean. Heterodoxoa, bizizalea eta iniziatiba handikoa, bai orduan bai eta gero ere. «Gaztetan, ETAko etapa bizi izan nuen, eta gero beste bat, baina sentitzen dut ni neu pertsona bera izan naizela; ez zait iruditzen bi bizialdi izan ditudanik. Bi garaietatik bat aukeratu behar banu, lehenengoarekin geldituko nintzateke: borrokaren etaparekin», laburbiltzen du.