Ariane KAMIO
DONOSTIA

Munduari begira

Robert Treviñok ekainean amaituko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin hiru urterako sinatutako hitzarmenaren lehenengo denboraldia. Aurrerapausoak ikusi ditu bere lanean. Proiektu sinfonikoa sendotzea eta nazioartekotzea da bere helburua. Atzo iragarri zutenez, zuzendari estatubatuarrak 2022. urtera arte luzatu du titulartasun kontratua eta munduari begira jarriko du orkestra. Abenduan Alemanian eta Austrian izango da.

Luzerako proiektua abiarazi nahi izan zuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) Rober Treviño zuzendari titular ezarri zuenean. Bultzada berri bat nahi zuen, egitasmoa sendotu eta nazioarteko bideari zabalkuntza emango ziona. Treviñok egin izan dituen agerraldietan askotan erabili izan du ahotan komunitatearen ideia. Taldea osatu eta talde izaera ikusleenganaino heltzeko grina. Iaz abiatutako proiektuaren lehenengo denboraldia amaituko du datozen egunetan, eta zuzendariak berak atzo aitortu zuen uste baino lehenago ari dela lanaren ondorioak antzematen. Horrek eta «etxean bezala sentitzeak» eraman du EOSekin zeukan hitzarmena 2022ra arte luzatzera. Sintonia erabatekoa lortu du orkestrako arduradunekin eta Lakuako Gobernuarekin ere. «Nire aurreikuspen guztiak gainditu dira», aipatu zuen atzo Treviñok.

Bere helburuen artean Orkestraren irudia zabaldu eta tamaina handiagoko egitasmoei heltzea izan dira. Bere lehenengo ikasturtetik nabaritu ditu aldaketak. «Aldaketa asko izan dira. Batez ere, lan egiteko moduan eta musika hizkuntzan. Orkestra hazi egin da. Zimmerman bera hemengo mugetatik kanpo esaten ari da Euskadiko Orkestra Sinfonikoa inoiz baino hobeto jotzen ari dela eta beste artista gonbidatu batzuek ere iritzi bera dute», adierazi zuen.

Alemania eta Austriara

Proiektua sendotzeko bidea behin urratuta, orkestraren ikusgarritasuna bermatzea da hurrengo urratsa. EOSeko zuzendari Oriol Rochek eman zuen albistea. Orkestra Alemanian eta Austrian izango da datorren abenduan. Eta erabakia txalotu zuen Treviñok. «Nazioarteko bira oso garrantzitsua izango da. Aukera ezin hobea da beste plataforma batzuetan ebaluazioa jasotzea, besteengandik ikastea, besteekin konparatzea eta gure bikaintasuna erakustea», esan zuen zuzendari titularrak.

Treviñok berak zuzenduko duen biran hiru emanaldi eskainiko dira. Horietako bi Austrian; Linzen eta Bregenzen, eta hirugarrena Alemanian, Municheko Herkulessaal entzutetsuan.

Hiru programa desberdin egingo dira biran. Lehen eta hirugarren kontzertuak euskal musikarekin zabalduko ditu orkestrak: Aita Donostiaren “Meditazioa” obrarekin Linzen eta Pablo Sorozabalen “Zazpi Lieder”-ekin Bregenzen. Hiru kontzertuek Mahlerren “Laugarren Sinfonia”, musikagile alemaniarraren obra ezagunenetakoa, eramango dute programaren bigarren zatian, Mojca Erdmann soprano alemana bakarlari lanetan arituko dela. «Mojca Erdmanni proposatu genion gurekin aritzea. Olatuaren goialdean dagoen sopranoa da une honetan. Berehala eman zuen baiezkoa eta euskarazko letrak ikasten ari da dagoeneko», azaldu zuen Rochek.

Hiri bakoitzak tonu desberdina izango du kontzertuen lehen zatietan. Linzen, Aita Donostiaren obraren ostean, Orkestrak eta Erdmannek Mozarten soprano-aria eta eliza-sonata sorta bat interpretatuko dituzte. Bregenzen, berriz, Erdmannek Sorozabalen lana interpretatu ondoren, Prokofieven “Biolinerako 2. Kontzertua” eskainiko du Orkestrak Vadim Gluzman bakarlari dela.

Municheko Herkulessaal zorrotzerako Elgarren “Enigma bariazioak” lana eramango da orkestraren atriletara, Mahlerren “Laugarren Sinfonia”-rekin kontraste nabarmena eginaz. Programa zaila izango dela iritzi dio Orkestrak, baina dituen baliabideak erakusteko balioko duela uste du. EOS abenduaren 3an abiatuko da biran eta hilaren 4an Linzen izango da, 6an Munichen eta 8an Bregenzen.

Programa horrekin, euskal musikagileekiko konpromisoa berretsi du Robert Treviñok. «Hurrengo urtean euskal musika gehiago egongo da».