Ariane KAMIO
DONOSTIA

Denboraren mataza

Denbora eta distantzia. Historiarekin aurrera eta atzera darabil Ugaitz Agirrek bere lehen nobelan Sara protagonista. Baina berariaz hartutako libertatez idatzi du «Tximeletak bizkarrean», generoa, identitatea eta gaixotasun mentalak ere luma azpian jarrita.

Idazle gaztea da Ugaitz Agirre. Usurbildarra. 26 urte. Txikitatik ei du literaturarekin harremana, idazteko zaletasuna. Susarekin argitaratu du bere estreinako nobela, “Tximeletak bizkarrean”. Historia ikasketak egin zituen eta horiek amaitzear zela, Italian Erasmus egonaldia egin ondoren, jarri zuen burua eleberriaren gainean.Bost urteko idazketa prozesuaren ondoren, atzo eman zuen argitara.

Sara du eleberriko protagonista –«unibertsitateko kafetegian lagun batekin nengoen izena pentsatzen; hark Sara izena zuen, eta hala geratu zen»–. Florentzian bizi den 35 urteko historia irakaslea da bera, eta idazlea, jatorriz katalana. Arrakasta lortu duen lehenengo nobelaren ondoren, bigarrenaren haritik doa Sara, eta editorearen deia jasoko du lana noiz amaituko duen galdetzeko. Blokeatuta dago, ordea.

Unibertsitatean dagoela istripu bat izango du, txikitan jazotako gertaera bat gogora ekarriko diona. Egun berean jasoko du bere ahizparen deia, aita gaixorik dagoela iragarriz. Kataluniara itzuli beharko du atzera, aita ikustera. Iraganeko mamuekin topo egingo du bertan eta horiei aurre egitea erabakiko du.

«Bere bizitzaren puzzlea osatzeko saiakera egingo du eta, era berean, hurrengo nobela osatzen joango da, bere bizitzari buruzko eleberria izango baita. Iraganarekin bakeak egiten saiatuko da eta era berean nobela idatziko du», azaldu zuen Leire Lopez Ziluaga editoreak. Barrura begirako ariketa da Sarak egin beharko duena, indartze prozesu bat, kanpoaldera maskara bat baitu.

Horraino, nobelaren mamiari buruz esan daitezkeenak. Ez zuen ez idazleak ez editoreak spoiler lanik egin. Detaileetara jotzen duen narratiba baliatu du Agirrek, eszena konkretuetara, ebokaziora eta hortik, xehetasunetatik, joango da irakurlea asmatzen zen gertatu zen Sararen iraganeko bizitzan, nondik datozen mamu horiek. «Liburuaren egiturak eta kapituluen banaketak etengabe egiten die erreferentzia aurrez gertatutako aferei eta irakurleak berak apurka-apurka osatuko du puzzlea».

Denbora

Historiako ikasketen azken urtean, Italian Erasmus egonaldia egin ondoren, bururatu zitzaion Ugaitz Agirreri nobelarako zitekeenaren muina. «Gogoeta bat egin nahi nuen historiaren inguruan nuen pertzepzioaz eta eguneroko bizitzan, batez ere politikariek, nola erabiltzen zuten. Hori guztia, noski, dekoratu egin behar nuen». Dekoratua, ordea, lehen lerroko kontakizun bihurtu zitzaion idazle usurbildarrari. «Historiari lotutako trama pisua galtzen joan zen eta besteak irabazi zuen. Eta eskerrak!», bota zuen broman.

2012. eta 2013. urteetan kokatu du narrazioa. «Zergatik Sara, emakume kataluniarra eta Italian bizi dena?», galdetu zuen. Distantzia behar zuen kontatu nahi zuenarekiko. «Aldendu egin nintzen nirekin zerikusia izan zezakeen guztitik, perfil desberdin bat sortu behar nuen, baina era berean, manejatu nezakeen pertsonaia sortu behar nuen. Istorio honek nirekin duen lotura bakarra historia bera da».

Detaileez eta erreferentziez baliatu da Agirre kontakizunaren norabideari trazua egiteko orduan. Eszena zehatzak, moldatuak, filmak, serieak, esaldiak... Memoriaren korridoreetan protagonistari ibilbidea egitera bultzatzen duten xehetasunak dira berak garrantziaz hartu dituenak. «Detaile ebokatzaileak dira. Gehienetan eramaten dute Sara beste garai batera. Eta horrela nahasten dira errealitatean iragana, oraina eta etorkizuna».

Bost urteko idazketa prozesua osatu du Agirrek “Tximeletak bizkarrean” amaitu arteraino. «Maitasun-gorroto harremana» izan dela zehaztu zuen. «Oso gustuko lana izan dut batzuetan eta besteetan koadernoak leihotik behera botako nituzkeen». Iazko udan heldu zion bete-betean lanari eta atzo bertan egin zuen aurkezpena. Liburua eta ikasketak amaituta, doktorego tesia du orain helburu. Izenburuari buruz galdetuta, erantzuna: «Esaten baldin badut, misterioari agur».