Ariane KAMIO
DONOSTIA

Narrastien poetika

Esti Martinez Diaz de Ceriok «Azalberritze bat» poema liburua kaleratu berri du, Donostia Kultura Poesia Lehiaketako lehenengo edizioan saritua izan ondoren. Balea Zuria argitaletxeak publikatuta, narrastiek izan ohi duten azalberritze prozesua metafora gisa erabili du sakontasunetik idatzitako poesietan. Deserosotasunetik, aldaketarako beharretik eta distiratik ekarri ditu idazle iruindarrak bere gogoetak. Irailean sariketaren bigarren deialdia egingo da.

Narratiban egin izan ditu bere lehenengo pausoak Esti Martinez Diaz de Ceriok (Iruñea, 1991) oraintsu arte. 2012an Iruñeko Udalak egile berrientzat antolatutako euskarazko 23. literatur lehiaketan aipamena jaso zuen; 2013an Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako sorkuntza lehiaketako euskarazko narratiba sailean lehen saria irabazi zuen; eta 2015ean Petri Atarrabiakoa 25. literatura saria eskuratu zuen. Bergarako Idazle Eskolan egin ditu azken urteok lanbidez irakaslea den idazle gazte honek. Eta han hartu zuen narratibari ez ezik, poesiari ere bere lekua, bidea, uzteko deliberoa.

«Modu inkontzientean poesia idazten nuen, idazketa koadernoetako ertzetan edo ipuinetan aurkitzen nituen poemok. Batzuetan izaten nuen beharra gauza asko modu lirikoagoan espresatzeko, baina ez nion bidea topatzen. Azken bi urteak Idazle Eskolan nengoela konturatu naiz bereizi egin behar nituela eta bakoitzari bere lekua eman behar niola».

2017an egin zen Donostia Kultura Poesia Sariaren lehenengo deialdia eta koaderno ertz horietan metatutako eta gerora sortutako poemek eraman zuten saria eskuratzera. «Konturatu nintzen poesia batzuk idatziak nituela eta proiektu bat egin zitekeela horiekin. Poesia horiek guztiak testuinguru batean kokatuta zeuden, eta gai beraren inguruan sar nitzakeela ohartu nintzen», azaldu zuen atzo idazleak.

“Azalberritze bat” da orain Balea Zuriarekin batera –Donostia Kulturak eta argitaletxe horrek elkarlanean sustatzen dute sariketa– kaleratu duen poema bildumaren izenburua. «Azalberritzea narrastiek egiten duten prozedurarekin lotu dut. Hiru fasetan egiten omen dute eta liburua bera ere hiru zatitan banatu dut», adierazi zuen.

Lehendabizikoan, “Soingainekoak” izenburukoan, «deserosotasun» une batekin lotu ditu bere poemak. «Diotenez, narrastiak ere azala berritu aurretik zaurgarri eta ahul egoten dira». Bigarrenean, “Azalberritzea”, azala aldatzeko prozesuari egin dio erreferentzia, «nola aldaketa batekin erosoago egon zaitezkeela pentsatzen hasten zaren». Hirugarrena litzateke atalik argiena poema bilduma horretan, “Irrintzi intimo bat”, non «azalberritzea gertatu ondoren distira egiten duzun». Denbora, beldurra, begiradak, zarata, bideak... dira Martinez Diaz de Ceriok landu dituen beste gaietako batzuk.

Ataletik atalera, gogoko dituen hainbat idazleren poemak ere txertatu ditu idazleak, horien artean, Anari, Anne Sexton, Virginia Woolf eta Joseba Sarrionandiarenak.

Iragarri zutenez, udaren ondoren, irailean, Donostia Kultura Poesia Sarirako bigarren deialdia egingo da, 35 urtetik beherako idazleei bideratutakoa.