GARA
BILBO

Senatu espainolean izango dira gaur Bizkaiko pentsiodunak

Bi autobus abiatu dira gaur goizean Madrilera, bertan aurkeztuko den Estatuko Aurrekontu Orokorraren proiektuaren aurka protestatzeko. Atzo Bilbon eginiko elkarretaratzean, datozen egunetako mobilizazioen egutegia ere aurkeztu zuten.

Bizkaiko pentsiodunen mugimendua Madrilen elkarretaratuko da gaur goizean pentsio duinak nahi dituztela defendatzeko. Bilbotik goizean goiz abiatu dira (05.45), Senatuan aurkeztuko den Estatu espainiarreko Aurrekontu Orokorraren proiektuari gertutik begiratzeko asmoz.

Bestalde, Toledoko Itunaren batzorde parlamentarioaren jarraipena ere gaur izango da, eta pentsioen inguruko bi afera eztabaidatuko dira bertan: batetik, erosahalmenaren mantentzea eta bestetik, horren igoera. Horren aurrean, Andrea Uñak, Bizkaiko pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileak, ziurtatu zuen adi aztertuko dutela bertako informazio oro.

Ekonomiaren normalizazio garaian pentsio guztien igoera KPIaren araberakoa izatea adostu den arren, Uñaren ustez, ez da nahikoa. «Krisi garaietan igoera horiek egiteko adostasunik ez baita izan», kexatu zen.

Adierazpenok Bilboko udaletxe aurrean astelehenero egiten duten mobilizazioan egin zituen. Milaka pertsona bildu ziren atzo ere, duela bost hilabetetik aldarrikatzen diharduten eskakizunak defendatzeko. Zentzu horretan, pentsioak KPIa adina igo daitezela eskatzen jarraitzen dute, eta horrez gain, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, alargunen kasuetarako onartu den hitzarmena martxan jartzea eta pentsio zein lan arloko erreformak deuseztatzea.

Pentsio sistema publikoaren aldeko eta hori pribatizatzearen aurkako mezuak ere jaurti zituzten. «Agintean dagoena dagoela, eta negoziatzen duenak negoziatzen duela ere, pentsioak defendatu behar dira», ohartarazi zuten.

Mobilizazioen egutegia

Aldarrikapenok egiteaz gain, uda garaiko egutegia aurkeztu zuten Bilbon. Hala, Madrilgo bidaiarekin hasiko dituzte datozen hilabeteetarako prestatu dituzten ekintzak.

Hurrengo asteleheneko (ekainak 25) mobilizazioan, manifestazioa egingo dute Bilboko udaletxetik Arriaga antzokiraino eta bertan antzerki bat aurkeztuko dute 50 erretiratuk.

Uztailerako hitzordurik zehaztu ez duten arren, bi data nabarmendu dituzte. Apuntatu beharreko egunetako bat Bilboko Aste Nagusiko aurreneko astelehena izango da. Festa giroa aprobetxatuz, beren aldarrikapenak Bizkai osoari «ikusarazi» nahi dizkiote.

Bestetik –eta jada Eibarko pentsiodunek joan den astean aurreratu zuten legez– urriaren 1a egun berezia izango dela iragarri zuten atzo. Pertsona Helduen Nazioarteko Eguna izanik, mobilizazio handia aurreikusten dute Bizkaiko pentsiodunen plataformek.

Sanchezekin eszeptiko

Bilboko elkarretaratzea izan zen Hego Euskal Herriko hiri zein herrietan eginiko jendetsuena. Donostian, astelehenero legez, Alderdi Ederren batu ziren ehun lagun inguru eta Gasteizen, esaterako, Pentsiodunak Araba elkarteak antolatuta, 200 pertsona elkartu ziren udaletxearen aurrean, pentsio sistema publikoaren alde.

Plataformako kide Juan Antonio Armentiak azaldu zuenez, eszeptiko daude Pedro Sanchezen gobernuarekin, «PSOEren ibilbidea ezagutzen baitugu eta PPk adostutako aurrekontuekin lanean baitabil».