Asier AIESTARAN
EUSKO LABEL LIGAKO TALDEEN AURKEZPENA - ONDARROA

Entrenatzaile berria, ilusio eta gogo berbera

Ondarroak bigarren urtea beteko du gorengo mailan. Iñaki Errastik hartu du JonIriondoren lekua gidaritzan nahiz tostartean, baina filosofia ez da batere aldatu.

Ondarroak bere bigarren urteari ekingo dio Eusko Label Ligan, eta helburua iazko estreinaldi apartari jarraipena ematea izango da. Hala ere, eta iazko denboraldiak gozatzeko horietakoa bazirudien ere, aldaketa dezente izan dira «Antiguako Ama» ontzian, entrenatzailetik hasita. Jon Iriondok taldean ez jarraitzea erabaki zuen aurreko denboraldi amaieran eta bere lekua Iñaki Errastik, gorengo mailan esperientzia handia duen oriotarrak, hartu du.

«TKE Liga apur bat ahaztuta neukan –iaz Orioko gazteekin ibili zen lanean–, baina berriz ere hemen gaude, entrenatzaile eta arraunlari gainera. Gogotsu nago, haur baten ilusioarekin, batez ere taldean dagoen giroagatik. Denak etxekoak dira eta kuadrilla baten modukoa da. Giro aparta dago eta irudipena daukat jada urte bat baino gehiago daramadala hemen», aitortu zuen berriki Errastik Ligako web orrian.

Entrenatzailearekin batera, beste hamaika arraunlarik ere utzi zuten taldea iaz, eta hutsune horiek betetzeko aurpegi berri dezente pilatu dira aurtengo neguan. «Sentsazioak onak dira. Hasieran kosta egin zitzaigun, entrenatzailea aldatu zen, baja dezente egon ziren... Baina gustura jardun gara entrenamenduetan eta taldea apurka-apurka ari da eskatzen nituen gauzak barneratzen. Ontzia gero eta hobeto dabilela ikusten dugu, eta pozik gaude, ilusioz».

Iaz zortzigarren amaitu zuen Ondarroak Eusko Label Liga; emaitza oso ona talde igo berri batentzat eta beheko postuetatik hasiera-hasieratik ihes egin zuela kontuan izanda. Aurten ere, helburua mailari eustea izango omen da: «Helburua horixe da, argi dago, eta badakigu borroka oso gogorra egongo dela horretarako. Talde asko egongo gara oso segundo gutxiren barruan, ez da erraza izango».

Hala ere, ondarroarrek emaitza oso aipagarriak lortu dituzte denboraldi-aurreko azken estropadetan. Etxekoan, esaterako, maiatzaren 26an jokatu zen Antiguako Ama estropadan, garaipena lortu zuten, TKE Ligako beste zazpi traineruri aurrea hartuta. Ekainaren 2an, Mutrikuko banderan, Santurtzi, Hondarribia, Urdaibai eta Kaiarriba aurretik izan zituen, baina bermeotarrekin eta donostiarrekin denbora oso gutxi galduta eta San Juan eta Kaiku atzetik utzita. Agian ez erabat fidagarriak, baina erreferentzia politak dira.