Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Torrealdairi eskertza eta zentsuraren bihurguneak, nazioarteko kongresuan

«Zentsura eta literatura: memoria eztabaidatuak» nazioarteko kongresuari amaiera eman zioten atzo Donostiako Miramar jauregian. EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikertzaile taldeak antolaturik, kulturak, arteak eta bereziki literaturak jasan duten zentsura izan dute hizpide azken bi egunotan. Atzo, omenaldia egin zioten Joan Mari Torrealdairi, «zentsuraren gaiari hurbilenetik so egin dion euskal ikertzailea» izateagatik.

Joan Mari Torrealdai euskaltzale eta ikertzaileak ireki zuen atzo goizean Donostiako Miramar jauregian egiten ari diren “Zentsura eta literatura: memoria eztabaidatuak” nazioarteko kongresua. Biltzarraren bigarren eta azken egunean, zentsuraren gainean egin dituen ikerketen errepasoa egin zuen Torrealdaik eta, ostean, omenaldia eskaini zioten, Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzetan, «zentsuraren gaiari hurbilenetik so egin dion euskal ikertzailea» izateagatik. «Euskararen eta euskal kulturaren mesedetan egin duzun, egiten ari zaren eta egingo duzun guztiagatik, eskerrik asko. Seguru nago zure ildo beretik beste batzuk ere etorriko direla», esan zuen Urrutiak.

Euskaltzainburuaren hitzen ostean, Torrealdairen hainbat obraren zatiak irakurri zituzten, «zoritxarrez, gaurkotasun handiko testuak», Beñat Sarasolaren hitzetan. Besteak beste, “Euskal idazleak gaur” (1977) lanean idazleen zailtasunak nabarmentzen dituen pasartea irakurri zuen Mariasun Landak, Martxelo Otamendi “Berria”-ko zuzendariak kalitatea baztertu eta «irizpide guztien gainetik audientzia bilatu izana» salatzen duen “ETB eta euskara" (1985) obraren zatia irakurri zuen, “Euskal kultura gaur” (1997) egokitu zitzaion Jakin-eko zuzendari Lorea Agirreri –ekoizpen idatziaren salmenten inguruan, «euskaraz frogatu egin behar da irakurketa, erdaraz suposatu», dio Torrealdaik besteak beste– eta Nerea Mujika Gerediagako presidenteak “30 urte liburugintzan” (2007) obrako zati bat irakurri zuen.

Irakurraldiaren ostean, hunkitua zegoela aitortu zuen Torrealdaik, «gaindituta, eta lotsatua ere banago nire lana kolektiboa baita hein handi batean», azaldu zuen, eta berari egiten ari ziren aitortza kide izan dituen guztiekin banatu nahi izan zuen. Bukatzeko, 90eko hamarkadan tesia defendatu ostean unibertsitatean zentsuraren gaia jorratzen jarraitzeko aukera izan bazuen ere berak “Jakin” aldizkariaren sorreran parte hartzea erabaki zuela esan zuen. «‘Jakin’ aukeratu nuen eta zentsuraren lanketa utzi egin nuen, pena handiz. Hona nire pozaren arrazoia, segida badaukala ikustean», esan zuen, nazioarteko kongresuan bildu diren aditu eta ikertzaileen lana goraipatuz.

Omenaldiaren aurretik, baina, Torrealdaik solasaldia eskaini zuen kongresuan eta, bertan, zentsurak izan duen eta egun duen tokiaz jardun zen. Gogora ekarri zuen, besteak beste, Martin Ugaldek Madrileko «editorial handi eta indartsu batera» jotzea erabaki zuela zentsurak bigunago hartuko zuelakoan, baina hala ere bere idatzietan «independentzia» hitza «soberania»-gatik aldatu beharra izan zuela, adibidez. «Hori umiliazioa da autorearentzat, zentsurak markarik ezin zuelako utzi eta ez zen inon agertzen testu hori zentsuratua izan zenik. Hala ere, Martini nahiko ondo atera zitzaion», azaldu zuen. Deserrian idaztea erabaki zutenen artean, aldiz, muga zeharkatzea zen zailtasun nagusia.

«Desmemoria programatu horren ondorio da orain bizitzen ari garena. Gure belaunaldian eten izugarria izan zen, ez genuen memoriaren transmisiorik izan eta guk deskubritu behar izan ditugu kontu horiek. 78ko aldaketa etorri zenean, material horiek deskubritzen hasi ginen», aipatu zuen. Felipe Gonzalezen agintaldiarekin, «zauriak itxi egin behar ditugu» esan zela eta «bide bazterrean hilda zeudenak estali ziren bezala» iragan hurbila estaltzea erabaki zela nabarmendu zuen Torrealdaik, eta «egin diren horiek ezagutzen ez direnean», uste okerrak sortzen direla aipatu zuen. «Askok ukatu egiten dute Francok euskarari jazarri egin ziola, 60ko hamarkadan lagundu egin zuela esaten da... eta hori gertatzen da memoria bat hil egiten delako, ezkutatu egiten delako, eta gerora horiek ateratzea oso zaila da».

Zentsura kulturan eta artean

Torrealdaik bere eskertzan adierazi bezala, bada zentsurak gure iraganean izan duen eragina aztertu duenik, baita ikertzen jarraitzen duenik ere. Tartean, haren ostean hitz egin zuten Ismael Manterola eta Mikel Ayerbe EHUko irakasle eta ikertzaileek, eta Idoia Gereñu Laskorain ikastolako irakasle eta ikertzaileak.

Manterolak “Zentsuraren garaipena: zentsurarik gabeko arte sistema otzandua” izendatu zuen bere zatia, eta, besteak beste, arte plastikoaren arloan dagoen bibliografia falta salatu zuen. Gerraosteko garaiko errepresioa ere nabarmendu zuen: «Gerra ondorengo zentsura oso gogorra izan zen. Errepublikako artea konpromiso sozial handiko artea zen, proiektuak ireki ziren eta Francoren helburua izan zen arte mota hori amaitzea. Zentsura aparatu izugarria jarri zen martxan», aipatu zuen eta, adibidez, Pablo Picassok ezin izan zuela estatuan erakusketarik egin nabarmendu zuen. «Gerra garaiko artista asko hilda, atzerrian edo barne exilio batean zeuden; Francok, nahi zuen arte desideologizatua lortu zuen», ondorioztatu zuen Manterolak.

Frankismoak pentsamenduari eta bereziki politikari zion beldurra agerian geratzen da literaturari dagokionez ere. Horren adibide, hiru obra ekarri zituen Ayerbek: Jon Miranderen “Haur besoetakoa” (1970) eta Ramon Saizarbitoriaren “Egunero hasten delako” (1969) eta “Ehun metro” (1976). Hasteko, zentsoreei «irakurle» (lector) deitzen zitzaiela salatu zuen, eta berak «irakurle zentsore» terminoa hobetsiko zuela bere agerraldian. Ostean, Miranderen obran «maitasun harreman pedofiloak» eta «suizidio induzitua» daudela esan izan bada ere eta “Egunero hasten delako” «abortuaren aldeko alegatua» bada ere, lan horiek zentsoreek sakontasunik gabe irakurri eta baimendu zituztela aipatu zuen, ez, ordea, “Ehun metro”: «Torrealdaik aipatzen zuen zentsura politikoa izan dela %80ean, zentsura moralaren aurretik», esan zuen, autorearekin bat eginez.

Antzerkiaren alorrari egin zion errepasoa, bere aldetik, Gereñuk. XX. mendeko teatroa euskalgintzari begirakoa izan dela nabarmendu eta zentsuraren inguruko lehen aipamena 1939an topatu duela esan zuen. Bertan, soilik obra klasikoak onartuko zirela esaten zen. Gerora, errepresioa indartu egin zen, eta hainbat autoreren etsipenerako, zentsura orria (Hoja de censura zelakoa), testuaren hiru kopia, eszenografiaren irudiak eta antzerkia «egokia» zela baieztatzeko aurretiazko oholtzaratzeak egin behar zirela aipatu zuen. «Horrek autozentsurarako joera indartu zuen», nabarmendu zuen Gereñuk.