Jon Garmendia
Idazlea

«Esnesaltzailearena»

Akordatzen naiz txikitan oraindik lotan nintzela, aita goizeko bostetan behiak jezten hasten zela, ama ondoan zeukala, amak laguntzen zuela, etxez etxe aritzeko esnesaltzaile bezela. Kuatrolatas zahar batean aita aurrean gidari, ama atzean joaten zen esne marmiten zaindari. Amak ez zion ordea, inoiz ekiten lanari muxutxo bat eman gabe bere seme bakoitzari». Horrela idatzi nituen “Esnesaltzailearena” abestiaren lehen hitzak Donibane Lohizunen, artean sanjoanak zirela. Ehun bat abesti idatziak nituen ordurako, baina bakar bat ere ez aita eta amarentzako, eta faltan sumatzen nituen garai hartan.

Hernanin imajinatzen nituen, festan, hainbeste maite dituzten kaleetan, urte luzeetan esnea partitzen ibilitako tokian. Sanjoanetan bakarrik hartzen zuten jai, eguzki ala izotz, urte guztian banatzen baitzuten baserriko esnea bestantzean. Baneukan kontatzeko istorio bat, bizitza eman zidatenei ohore eta oles eginaz batera baserritar askoren bizitza zein izan zen jakinarazteko jendeari, gaur egun ia nehork ez baitu esnea saltzen etxez etxe; eta ia hori ezarri dudan tokian ene itxaropena ezartzen dut, beharbada nonork emanen baitit ezusteko bat kontatuz baietz, bizitza irabazteko modu bat baino gehiago zenak oraindik jarraipena baduela hor nonbait. Ez nuen abestia kolpe batez bukatu, agian lotsa izan zen, edo halakorik nehori interesatuko ote zitzaion kezka, baina udako solstizioan bukatu ez nuena negukoan bukatu nuen azkenik, urtearen ohiturazko zatiketari  jarraiki, aitaren eta amaren ogibideak, beraiek biek, nire lotsa eta kezkarik merezi ez zutela kontziente izanda.