Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Kalearen mintzoa

Vivian Gornick idazle estatubatuarrak ZAZPIKAn zioen bezala, hiriko kaleak inspirazio-iturri apartak dira. Izan ere, bertan dago bizitza, eta bertan baino hobeto, gogoz eta adi erreparatuz gero, inon ezin da jabetu norbera jendartearen nolakotasunaz, unean uneko errealitateaz eta, batez ere, hartzen ari den norabideaz. Txiki-txikitatik iruditu izan zait liluragarria nire inguruko pertsonak behatzea, haien jarrera eta jokabide nabarmen zein oharkabeagoei erreparatzea, eta haien elkarrizketak aditzea (batzuetan, benetako ahalegina egin behar izaten dut nik neuk hitza ez hartzeko, hain izaten dira biziak!). Horrek, besteak beste, nork bere oinak benetan bizi den lurraldean –gertu-gertuko inguruneaz harago– izaten laguntzen duelako, eta besteengandik, nahi izanez gero, asko ikas daitekeelako.

Hala, askotariko gaiei buruzko solasaldi gogoangarrien bilduma ederra dut oroimenean, beste garai bateko ikuspegiena, orduko uste nagusien eta haiei kontra egiten zieten argudioena. Lehen, ohiko hizpideen artean, gutxitan (salbuespenez ez esatearren) entzuten nuen feminismoa kaletarren ahotan; are gutxiago, ozen eta garbi, borroka feminista, ahizpatasuna, emakumeon ahalduntzea, ekofeminismoa, sistema patriarkala, androzentrismoa… eta egun ohikoak ditugun halako kontzeptuak, andreok erdigunean jartzen gaituztenak, hain zuzen. Orain, aldiz, sarri entzuten ditut, ez soilik telebistako edo irratiko saio serio-jasoetan, ez soilik egunkarietako artikulu intelektualetan edota aldizkarietako erreportaje berezietan irakurrita, baizik eta lagunarteko berriketetan, eztabaidetan. Entzuten ditut neskatoak eta mutikoak, gizon eta emakumeak, jo eta su nork bere argudioak adibide ugariz janzten, gaurkotasunez biltzen, eta inoiz ez amore ematen, berdintasunarekin zerikusia duen guztiak betiko irabazi duen garrantziaren adierazgarri.

Orduan, poz bat sortzen zait, itxaropenak eragiten duen epeltasun hori, egiaztatzen dudanean matxismoa bere forma anitzetan egon badagoela, bai, esparru guztietan gehiago edo gutxiago errotua, baina ez dela lehen (duela ez hainbeste) bezala, ezkutarazia eta onarrarazia; jendeak lortu dugula bai jendartearen bai, ondorioz, politikarien mahai gainean jartzea emakumeon balioa eta eskubideak behingoz blindatzeko eskakizuna. Zorrotza eta irmoa, modaz pasatuko ez dena, alegia; kalean nabari da, herritarren ikuspegi eta hitzetan, bertan egin diogun leku handian.