10/07/2018

Festikale, landaguneko arteen jaia, datorren astean Ondategi-Gopegin
GARA|GASTEIZ

Festikalek bere bosgarren edizioa abiatuko du datorren astean, Ondategi-Gopegin (Zigoitia). «Zirrara eta hausnarketa» eragiten duten proposamen eszenikoak izango dira nagusi uztailaren 19tik 21era bitartean, «jarrera estetiko eta gai sozialen espektro zabala» islatuko dutenak. Aurten, gainera, berritasunekin dator, «zuzeneko musika, film laburrak eta kontzientziak mugitzeko eta idealak esnatzeko lantegi irekiak» egingo baitituzte, antolatzaileen esanetan. Bertaratzeko deia egin diote «iradokitzeko eta informatzeko, baieztatzeko eta irudikatzeko, barre eta negar egiteko eta gure kulturaren aberastasuna ospatzeko giza baliorik onenak berreskuratu nahi dituen orori», izan ere, gaineratu dutenez, «antzerkiak mundua eta geure burua ikusteko modu berriak ematen dizkigulako eta, horrela, elkarrekin gozatzeko eta ikuspegi berriak izateko gune berri bat ireki dezakegulako».

Lehen hitzordua ostegunean, uztailaren 19an, izango da , 19.00etan, Bengolarra parkean, Teatro Panta Rheiren “Astokillo circus” kale antzerkiarekin, eta 22.00etan, Film Laburren Jaialdia egingo dute leku berean.

Bigarren jardunaldia, ostiralean, Ponten Pie konpainia katalanak zabalduko du “Loo” ikuskizunarekin. Hitzordua 18.30ean, Gorbeia ikastolan. Jarraian, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da. 20.00etan, Artzegi tabernan blues kontzertua eskainiko dute Txitxo Amilik eta Antonio Azazetak.

Igandea izango da azken eguna, eta Bengolarra parkean hainbat lantegi antolatu dituzte, kometa lantegia esaterako (17.00etan), baita txotxongiloen erakustaldia ere (19.30). Gero, 20.00etan, “El último tren a Treblinka” antzezlana eskainiko dute.