Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren arkitektoak

Izaki bizidunetan gorputzak arkitekto ikusezina dauka, eraikitzailea, bizitzaren atalak markatzen dituena. Badaki hazkunde fisikoaren oinarriak non dauden. Eta naturarenak. Izaki bakoitzak bere arkitektoa du, antzeko arauekin ekiten diete aurre bidean sortzen zaizkien arazoei, antzeko eskoletan ikasitakoak dira arkitektoak, bizitzaren arkitektoak dira, eta ezin dutenean gehiago, bizitzari agur esateko gai dira beharrezko zubiak eraikita. Arkitekto ikusezinak badaki ez dagoela betiko izaki bizidunean, harekin jaio eta harekin desagertuko da, iraungitze dataren etenaren aurrean ez du tresnarik betiko egiteko. Arkitektoak badaki, izakiak, ordea, ez. Hori da orokorrean gertatzen dena, eta gero dago izaki bizidun bakoitzaren geneek duten kasuistika partikularra. Gizakion buruak ezin dio agindu zehatzik eman ikusezinari, buruak maiz sorrarazten dizkio arazo larriak eta konponketetan eman ohi ditu beharrezkoak baino handiagoak diren neurriak. Bizimodu asko bizitzaren kontrakoak dira, horrelako burua dugu, eta gero galdetuko diogu, sarri egiten dugun bezala, «eta zergatik gertatu zait hau niri?, zergatik niri?». Gomutapenetan, beldurretan, espezieak egindako ohituren beldurretan. Gure arkitektoak ez dio beldurrik ere gaitzari. «Zergatik niri» ez dago arkitektoaren galderetan.

Dogmatismorik gabeko arkitekto hitzaren erabilera Eneko Landaburu mediku higienistari entzun nion 80ko hamarkadan. Besteak beste, musikak balio handia duela alaitzeko hausnartu zuen Landaburuk. Alaitu dezala!