Ane URKIRI
EUSKAL ARRANTZAREN

EUSKAL KULTURAREN OINARRI DEN OFIZIOAREN GAINBEHERA

Portuko bizitasuna, mugimendu etengabea, urrun geratzen zaigu euskaldun askori, baita kostaldeko herritar izanda ere. Arrantzak hitzarmenik ez izateak eragin zuzena izan du eta sektorea poliki-poliki indarra galtzen ari dela bistakoa da. Ez dago ezkutatzerik.

Itsasoak euskal kulturarekin harreman estua izan du aspaldidanik. Herri asko bizi izan dira itsasoaren indarrari esker. Baina gaur egun sektorea gainbeheran dago erabat. 1992an Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetan 584 arrantzontzi baziren, 195 besterik ez ziren 2016an. Lapurdiren kasuan, 100 bapore zeuden 1968an Donibane Lohizune-Ziburuko portuan; 1985ean, 53 ontzi ziren; eta, 2015ean, 43 bakarrik geratzen ziren.

Arrantzontziak ez ezik, portuak eta kofradiak ere desagertzen joan dira denboraren poderioz. Mutrikun, esaterako, gaur-gaurkoz lau arrantzale soilik daude izena emanda Kofradian eta portuak orain duen itxura ez dago parekatzerik 80ko hamarkadakoarekin. Itsasgizon ohiek nostalgiaz gogoratzen dute portuko garai bateko mugimendua, arrantzak herriko ekonomian zuen pisua. Pentsa, herrian sei harategi zeuden itsasoratzen zirenerako arrantzaleak elikatzeko.

Duela urte eta erdi Mutrikuko Kofradia Zaharra sugarrak kiskali izanak eta oraindik bere etorkizuna zein izango den ez jakiteak administrazioaren utzikeria jarri du agerian, eta, Leo Belaustegiren ustez, jarrera horrek ez du laguntzen esperantzarako bidea eraikitzeko orduan. «Ondare historikoa mantentzea behar-beharrezkoa da, arrantzatik bizi izan den herri modura, Mutrikuk merezi du», dio Belaustegik, 31 urtean itsasoan jardun duen arrantzale ohiak.

Mutrikuko Kofradia juridikoki desagertuta dago egun, baina kulturalki mantentzeko egitekoa dugula nabarmentzen du Belaustegik, bertan erroldatuta dauden lau arrantzaleengatik besterik ez bada ere. «Sentimentalki funtzionatzen du: gure izatea eta gure kultura mantendu behar dugu». Kofradia guztiz desagertzea espero baino gertuago dagoela ohartarazi du Belaustegik, eta Mutrikukoa bezala beste kofradia asko ere «arriskuan» daudela gaineratu du, urteetan eginiko akats handiengatik, bai administrazioen aldetik eta baita arrantzaleen antolakuntzan izandako hutsuneengatik ere.

Beherakada –«modu bortitzean», Emeterio Urresti Getariako Elkano Kofradiako lehendakariak zehaztu legez– guztiek sumatu dute. Imanol Ugartemendia 36 urteko arrantzale ziburutarrak ere ederki asko ikusi du Donibane Lohizune eta Ziburuko portuetako mugimenduaren baretzea. Baionako eremuan –Capbreton barne– 153 ontzi daude azken datuen arabera (2017ko abendua) eta horietatik %60 dira 12 metro baino gutxiagoko baporeak. Arrantzaleei dagokienez, sasoi guztian, 840 daude erregistratuta.

Ez dago hegaluzea arrantzatzen duen ontzirik Lapurdin –«legatza arrantzatzen duen bateren bat aritzen da»–; soilik zimarroiarekin egiten dute lan. Donibane Lohizune-Ziburun bi ontzi geratzen dira eta Hendaian bakarra dago.

Europarekiko mesfidantza erabatekoa da. 1986an espainiar Estatua Europar Batasunera sartzean, arrantzaren jarduna erabat aldatu zela baieztatu du Leo Belaustegik, eta Ondarroako eta Mutrikuko portuetan jaitsiera orduan hasi zela atzematen: «1986a erabakigarria izan zen. Itsasontziak gutxitzera derrigortu gintuzten, Europatik hasi ziren erabakitzen non, nola eta zenbat harrapatu behar genuen, eta horrek Mutrikun, Ondarroan –altura mailan– zein beste euskal portuetan izugarrizko murrizketa ekarri zuen».

“Itsasoko gerra” ere bizi izan zuten Estatu frantseseko gerraontziekin. «Gure lekua, gurea zen arrantzatzeko eremua babestu nahi genuen. Tiroak ere izan ziren: Ondarroako arraste-ontzi batzuek tiroak jaso zituzten, bai», gogoratu du 60ko hamarkadatik itsasoan lanean aritutako Belaustegik.

Merkatua

Ordutik, iruditzen zaio Belaustegiri, ez dela etorkizuneko arrantza iraunkor baten aldeko estrategiarik izan. «Armadoreek ez zutelako nahi eta administrazioak ere borondate gutxi jarri duelako». Ohartarazi du arrantza sektorea dela gaur-gaurkoz lan hitzarmenik ez duen bakarrenetarikoa: «Ezin daiteke onartu itsasgizon batek ez jakitea urtean zenbat irabaziko duen, ez baitaki zenbat harrapatuko duen eta harrapatutako hori zenbat eurotan salduko den enkantean».

Europar Batasunean sartzeak mugak errespetatzea ekarri bazuen ere –lizentzia bat ematea bi itsasontziko, adibidez–, Urrestiren ustez, «zorionez» euskal kostaldean arrain aberastasuna egoteak ahalbidetu du bizirautea: «Antxoaren kasuan lauzpabost urte gelditu ginen, baina errekuperatu gara. Horrez gain, lehorrean egon den krisi garaiak ez digu eragin».

Hegaluzearen kanpainan bete-betean sartuta daude euskal itsasontziak. Aurten Bermeon egin zuten lehen deskarga inguraketa sarea sistemakoek, zehazki, Arrantza Behatokia buletinaren arabera, 6.600 kilo hegaluze porturatu ziren ekainaren 18an, kiloa 7,7 euroan salduta.

Atunaren arrantza-sasoia izaten da garrantzitsuena arrantzaleentzat: urte guztiko arrakasta edo porrota espezie horren menpe dago. Iaz, Bermeok, 2016ko sasoiarekin alderatuta, %57 hobetu zituen zifrak, hegaluzea protagonista izan zelarik. Hondarribiko enkantean ere %23ko hazkundea izan zen urte batetik bestera.

Iaz emandako hazkundeak, baina, aurtengo aurreneko bost hilabeteetan amaiera izan du Behatokiak batutako datuen arabera. Hegaluzearen kanpaina hasi aurretik 17.172 arrain tona porturatu dira EAEn, aurreko urtean sasoi berdinean baino %40,8 gutxiago, alegia. Tona gutxi arrantzatzearen poderioz, jakina, fakturazioa ere aunitz murriztu da; erdiraino, alajaina. 2017ko aurreneko bost hilabeteetan 40.000 milioi euro fakturatu baziren kofradietan, aurten 20.000 milioi euro bakarrik fakturatu dira.

Aurreko orriko grafikoek erakusten duten legez, ordea, gutxi harrapatzeak askotan ez du esan nahi fakturazioa jaitsi egiten denik –edo alderantziz–. Aurtengoan antxoaren tamaina murritzak asko eragin duela dio Hazik, merke saltzera behartuta egon baitira. 2009ari erreparatzen badiogu, aldiz, kantitatez aurreko urtean baino gehiago harrapatu zen –ia 10.000 tona gehiago–, baina fakturazioa 10.000 milioi euro jaitsi zen.

Emeterio Urresti, alde horretatik, baikor da. Hegaluzearen kanpaina hasi zela hilabete pasatxo igaro ondoren, inoiz baino gehiago harrapatzen dabiltzala egiaztatu du. «Getarian epe honetan 1.100 tona hegaluze porturatu dira», zehaztu du. Urte gutxiren buruan sektorean dezenteko beherakada eman den arren, baikortasuna helarazi nahi du getariarrak: «Gaur-gaurkoz garaian garaiko arrainarekin bizi daiteke».

Erreleboa atzerriko jendearekin ikusten du. «Berdin dio hemengoak diren edo ez, nahi duenak segitu nahi badu, onartua izango da», dio ziurtasunez, sektoreak bai edo bai biziraun behar duela nabarmenduz. Euskaldun gazte gutxi egotearen arrazoia ziurgabetasunari egozten dio Urrestik, Belaustegik legez. «Lehorrean egoteko hautua egiten dute, nahiz eta agian gutxiago irabazi, bizimodu kalitatean irabazten dutelako», argudiatu du getariarrak.

Hobekuntzak

Arrantzaleen bizimoduak gogorra izaten jarraitzen duen arren, Urrestik dio asko hobetu dela, eta arlo anitzetan. Izan segurtasun mailan, garbitasunean, erosotasunean, teknologian –esfortzu fisikoa gutxiaraziz–, entretenimenduan, arraina fresko mantentzeko instalakuntzetan... «Eta, batez ere, lasaitasunari dagokionez. Antzina, hegaluzearen kanpainan, esaterako, uretaratze bakoitzeko agurrak egiten ziren familian, badaezpada ere. Orain ez, eta gaitz erdi!».

Eta kate ekonomiko honek behar bezala funtzionatzeko funtsezkoak dira ere sareak konpontzen dituztenak. Antzinako lanbidea, beti ahaztu eta ezkutatua, baina ezinbestekoa arrantzan egiteko. Urresti kolektibo horretaz gogoratu da, izan ere, askotan arrantzale kopuruaren beherakadaz mintzatzen gara, saregile zein konpontzaileen gainbeheran begia jarri gabe. «Gero eta gutxiago daude eta desagertutakoan ea nork egiten duen hauek urteetan egindako lan itzela». Ez dago erreleborik, baina proiektu batean lanean dabiltzala onartu du, lehorrean «duintasunez» bizirautea ahalbidetuko duten lanpostuen artean saregileenak ere sartzeko.

Bestalde, Gipuzkoako eskola jendez lepo dago, baina ez dakite zenbatek emango duten itsasorako jauzia. Erakartzeko eta ezagutarazteko asmoz, enpresetan praktikaldiak egiten dituztela azaldu du Urrestik, sektorea biziberritzeko modu gisa.

Arrantzale peto-petorik ez da ia, baina kirol-arrantzaren alorreko zifrak esanguratsuak dira oso. Lakuak emandako datuen arabera, 47.616 lizentzia daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –horietatik %63,7 Bizkaian–. Leo Belaustegiren aburuz, nahiz eta gaiak sakontzeko asko izan, arrantzaleen konpetentzia izatera ere irits daitezke.

Lizentziak

Sektorearekin lotutako gero eta lanpostu gehiago daude lehorrean, askotan erakargarriagoak direnak, ematen duten ziurtasunagatik. Imanol Ugartemendia, aldiz, zalantzarik gabe barneratu zen itsasoan 18 urterekin, bi urte eskola nautikoan eman ondoren. Duela hiru urte, gainera, ametsa bete zuen, itsasontzi propioa erostean. Sei arrantzalek osatzen dute “Cougar” ontziko tripulazioa.

Aurtengo kanpainan hemezortzi urte beteko ditu Ugartemendiak itsasoan. Hasieran sare-pelagikoekin hasi zen, baina, egun, arrantzontzi artisau txikien sektorean dabil, beraien egitura defendatuz itsasontzi handien aurrean. Plataforma bat eratu dute, baita nazioartean ere (Life Low Inpact Fisheres), baina hitzetatik harago ezer lortu ez dutela nabarmendu nahi izan du behin eta berriz.

Ezkor dela onartu du Ugartemendiak, eta, etorkizunaz galdetzean, ezinbestean, kezkaz aritu da. Azken hiru hilabeteetan ez dute ezer harrapatu: «Ezer esaten dudanean, ezer ez da. Hilabete eta erdi ontzia konpontzen egon gara, baina beste hilabete pasatxoan ez dugu ezer arrantzatu». Ez dakite nola aterako duten aurrera urtea, hauek ez baitute hegaluzearen kanpainarekin bat egiterik.

Frantziar Estatuko lizentziak 2001ean, 2002an eta 2003an arrantzatutakoaren arabera banatu ziren. «Hau da, urte horietan ontziak harrapatutako espezieen arabera egin zen banaketa. Nik erositako itsasontziak 5 tona mihi-arrain harrapatzeko baimena zuen, nik txitxarroagatik aldatzea lortu nuen, baina, adibidez, ezin dut antxoarik harrapatu. Ontziek baino balio gehiago dute lizentziek. Bapore berri batek, indartsua eta teknologikoki aberatsa, ez du ezertarako balio lizentziarik ez baldin badauka. ‘Cougar’ zaharra zen, baina aberatsa lizentzietan».

Arrantza estilo txikiak ezinbestean gainbeheran daudelakoan dago. «Administrazioari bost axola zaio, makinarian edo gasolinan gutxi xahutzen baitugu. Merkatuan inpaktu gutxiago dugu», azaldu du Ugartemendiak. Antzinako itsasgizonen arteko elkartasuna usaintzen ez duela onartu du Ziburukoak eta sektorea armadore gutxi batzuen esku geratzeko arriskuaz ohartarazi du, Islandian legez. Urresti –apur bat baikorrago– zein Belaustegi ere merkatu globalaren eraginarekin kezkatu daude, edozein ozeanotako espezieak eskura ditugulako.