Haritz LARRAÑAGA
Surf

2018 Junior Pro Sopela:Mignot eta Lartigue txapeldun

Olatuak txikiak eta narrasak izan badira ere, 18 urtetik beherako lehiakideek maila altua erakutsi dute. Marco Mignot frantsesa etaNeis Lartigue biarriztarra izan dira Sopelako txapeldunak. Nadia Erostarbe zarauztarra nesken rankingeko lehendabiziko postuan da.

Olatuek asko lagundu ez bazuten ere, 18 urtetik beherako lehiakide gazteek edozein baldintzatan olatuei etekina ateratzeko gai direla erakutsi dute Sopelan. Kalitate handiko surfa eta maila altua izan dira ostiralean amaitutako gazteen Europako Txapelketan. Marco Mignot Landetako surflaria eta Neis Lartigue biarriztarra nagusitu dira mutil zein nesken kategorietan.

Bestalde, aurtengo junior zirkuitua amaitzeko txapelketa bakar baten faltan, Nadia Erostarbe surflari zarauztarra nesken rankingeko lehen postuan dago. Mutilen kategorian, ostera, Marco Mignot da rankingeko buru.

Olatu eskasak, maila altua

Txapelketa egiteko itxaronaldi epea atzo arte luzatu bazitekeen ere, itsaski iragarpenak aztertu ostean txapelketa osoa hiru egunetan egitea erabaki zuten antolatzaileek, pixkanaka olatuak gero eta txikiagoak izango zirela ikusita. Horrela, asteazkenetik ostiralera txanda guztiak egin zituzten eta lehiakideek sekulako forma fisikoa dutela erakutsi zuten. Egunetik egunera olatuak txikiagoak ziren, eta, gainera, ipar-mendebaldeko haizeak uhinak narrasten zituen, hori dela eta, lehiakideek olatuak indar apur bat hartzen zuen unean ahalik eta ariketa indartsuenak egiten saiatzen ziren. Halako baldintzetan egin zituzten ostiralean Junior Pro Sopela lehiaketako azken txandak.

Sopelako Junior txapelketa WSL erakundeak antolatzen dituenen artean dago, eta, hortaz, mundu mailako izaera du. Hau da, munduko edozein herrialdeetako surflariek parte har dezakete, baina lortutako puntuak Europako Junior zirkuiturako izaten dira. Horregatik esaten da Europako Txapelketa dela.

Aurtengo Europako junior zirkuitua sei txapelketek osatzen dute eta Sopelakoa itzuliko bosgarrena zen, ondorioz, txapelketa bakar bat falta da aurtengo itzulia amaitzeko, hain zuzen ere, datorren abuztuaren 24tik 26ra Galizian egingo dena.

Marco Mignot nagusi

Mutilen kategorian, Diego Suarez Diaz kanariarra eta Marco Mignot Hossegorreko surflaria iritsi ziren finalera. Frantsesak eskuin olatu on batekin hasi zuen finala eta bere arerioak ezin izan zion aurre hartu finalak iraun zituen 30 minutuetan. Kanariarrak olatu laburragoak hartu zituen, ez zuen bi edo hiru bira indartsu egiteko adina bide emango zion olatu bat hartzea lortu. Ondorioz, nahiz eta bira indartsuak egin, ariketa gehiago egiteko aukerarik ezean, puntuazio apalagoak lortu zituen.

Sopelakoa Mignotek aurtengo zirkuituan irabazitako bigarren proba da. Izan ere, martxoan Caparican (Portugal) egin zen junior itzuliko bigarren lehiaketa ere Hossegorreko surflariak irabazi zuen. Landetako surflariak Sopela maite duela aitortu zuen eta pozarren zen eskuratutako txapelarekin. «Txapelketa honetan beti nahi izan dut emaitza on bat lortu, zeren duela zenbait urte nire lehengusuak ere hemen irabazi zuen. Amaieran ez ditugu izan txapelketa hasi zenean izan genituen bezain olatu onak, baina ongi aritu naiz eta emaitza honek aurtengo denboraldia ongi amaitzen lagunduko didalakoan nago», nabarmendu zuen Mignotek.

Nesi Lartigau indartsu

Nesken kategorian bi euskal herritar izan ziren finalean, Neis Lartigue biarriztarra eta Iara Dominguez donostiarra. Biak aritu ziren bikain, baina, mutilen kasuan bezala, olatu luzeagoak hartu eta ariketa gehiago egiteko aukera izan zuenak eskuratu zuen Sopelako txapela, alegia, Neis Lartigue lapurtarrak.

Biarrizko surflaria pozarren zen, «bereziki junior kategorian hemen egin ahal izango dudan azken lehiaketa zelako». Bizkaian lortutako emaitzari esker, zituen planak aldatuko dituela ere iragarri zuen Lartiguek: «Egia esan olatuak ez dira batere onak izan, baina halako baldintzetan surf egiten ohituta nago eta eroso sentitu naiz. Garaipen honi esker rankingeko laugarren postura igo naiz eta, azken lehiaketan parte hartzeko asmorik ez banuen ere, orain planak aldatu beharko ditut, urtea postu onean amaitzeko aukera ireki baitzait».

Erostarbe lehen postuan

Europako junior itzulia amaitzeko txapelketa bakar bat falta da, eta, nesken kategorian, Nadia Erostarbe zarauztarra da aurtengo titulu europarra eskuratzeko aukera gehien dituen lehiakide. Izan ere, bera dago egun nesken rankingeko buruan. Mutilen rankingean, berriz, Mignotek lehen postura igotzea lortu du Sopelako garaipenari esker eta aurtengo titulua irabazteko irrikaz dago surflari frantsesa.

Europako junior zirkuituko hurrengo txapelketa, aurtengo itzuliko seigarren eta azkena, Galizian jokatuko da, abuztuaren 24tik 26ra. Lehia itzela izango da, baina lehiakide gazteek prest daudela erakutsi dute.