27/07/2018

Azkar hazten ari den Euskal Encounter hasi da
GARA|BILBO
0727_eh_encountere

Euskal Encounterren 26. edizioa hasi zen atzo 60 gigabyteko abiadurara konektatutako 5.024 ordenagailurekin. Inaugurazioan, partyaren unerik formalenean, babesleak agertu ziren bertaratutakoen aurrean.

Spri taldeko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria den Aitor Cobarenak aipatu zuenez, urtetik urtera ekitaldia gero eta hobea da, eta jada «Estatu mailan erreferente garrantzitsu bilakatu da».

Aurtengo gai nagusia zibersegurtasuna denez, horren inguruan hitzaldi eta tailer ugari egongo dira igandera bitartean. Horietara enpresak bertaratzera gonbidatzen dituzte antolatzaileek, digitalizaziorako oso garrantzitsua delako erasoen aurrean babestuta egotea. Era berean, Cobarenak azpimarratu zuen bilera ondo pasatzeko izateaz gain, talentua pilatzeko espazioa ere badela eta horregatik espero du «epe motz edo ertainera» topaketan sortzen diren ideiak «negozio eta enpresetan gorpuztea». Ekintzaile digitalentzat leku aproposa dela uste du.

Zaharra, gazte

Urteak aurrera joan arren, partya zahartu beharrean gaztetzen ari dela azpimarratu zuten. Hori dela eta, joerak jarraitzen dituzte eta horregatik hautatu dute zibersegurtasuna gaitzat. Bestalde, ekitaldia ahalik eta jasangarriena izateko, ura eta elektrizitatea aurrezten saiatuko dira, eta bertako produktuen aldeko apustua egin dute.