Asier ROBLES
BILBO

Garbitzaileek greba hotsa helarazi diote Rementeriari

Bizkaiko Aldundiaren zentroetan ari diren Garbialdi enpresako langileak foru jauregiaren aurrean elkarretaratu ziren hitzarmen duin baten alde. Ez dute baztertzen greba mugagabeari ekitea irailetik aurrera.

Bizkaiko ahaldun nagusiak San Ignazio eguna dela-eta foru jauregian urtero egiten duen harrera atzo izan zen, eta ekitaldia egiten ari ziren bitartean, garbiketako langileak kanpoaldean elkarretaratu ziren.

Unai Rementeria buru duen Aldundiko zentroetan lanean ari diren Garbialdi enpresako garbitzaileak 2017ko abendutik daude mobilizatuta hitzarmen duin bat lortzeko. Maiatzean eta ekainean grebak egin zituzten, baina Sarai Arce ESK sindikatuko aholkulari eta enpresa batzordeko bozeramaileak azaldu duenez, maiatzetik ez dute Diputazioaren deirik jaso.

Garbitzaileek gogor salatu zuten 2010etik soldatak izoztuta dituztela, lan kargak handitu direla, bajak ez direla ordezkatzen eta eskubide sindikalak urratzen dizkietela. Gainera, sei urte daramate emaitzarik gabeko negoziazioekin eta elkarrizketa blokeatuta dagoela esan zuten.

Irakurritako manifestuan Garbialdi enpresak %0,3ko soldata igoera proposatu ziela azaldu zuten, baina Arcek adierazi zuenez, proposamen hori «erabat onartezina» da enpresako langile batzordearentzat, eta %6,54ko igoera eskatzen dute, Diputazioak kontratatzen dituen beste garbitzaileekin parekatzeko. Gaineratu zuenez, Aldundiak erantzukizun handia dauka, berak egiten dituelako «hitzarmena eta langileen eskubideak zeintzuk diren ezartzen dituen baldintza agiria», eta bitartekari lana egin dezakeela uste du, enpresak «proposamen onargarriak» aurkeztu ditzan negoziazio mahaian.

 

Irailean, erabakiak

Garbitzaileak abendutik daramate mobilizazioak egiten. Astero bi egunetan elkarretaratzeak egiten dituzte eta irailean asanbladan erabakiko dute greba mugagabea egin ala ez.