Ion SALGADO
GASTEIZ

Zeledoni agur esan ondoren, blusek eta neskek amaitutzat eman dituzte jaiak

Gasteiztarrek agur esan zioten atzo gauean Zeledoni eta amaiera jarri zieten Andre Maria Zuriaren jaiei. Sei eguneko jai luzeak izan dira eta blusek eta neskek azken ordura arte aprobetxatu dituzte. Goizean, Basatiarrek txorizo-pataten dastaketa solidarioa egin zuten Plaza Berrian eta Los Alegrios kuadrillakoek txorizo-jan herrikoia prestatu zuten Artium museoaren ondoan.

Gosaldu ondoren, blusak eta neskak sakabanatu egin ziren Gasteizko erdialdeko kaleetan, bakoitza bere kuadrillarekin, konpartsaren erritmora. Batzuk Aihotz plazara hurbildu ziren bertso saioa ikustera, Oihane Perea, Peru Abarrategi, Julio Soto eta Miren Amurizaren eskutik. Beste batzuk erraldoi, buruhandi, zaldi eta txoten konpartsaren agur ekitaldira joan ziren. Eta askok jaietako azken poteoari ekin zioten Alde Zaharreko tabernetan.

Bazkaldu ondoren, kuadrilla guztiak bildu egin ziren berriro Dato kalean, azkenengo kalejirei hasiera emateko. Federazioko kuadrillak 16.30ean atera ziren, eta 17.00etan elkartekoak. Bitartean, Jatorrak kuadrillako blusek eta neskek igerileku txiki bat jarri zuten Andre Maria Zuriaren plazan, eta Okerrak bolo-jokoaren finala egin zuten Foru plazako bolatokian. Halaber, Txolintxokoek festa antolatuko zuten Iradier Arenaren ondoan, #dias9nuevosdias5 traolarekin.

Blusek eta neskek beren festaz gozatzen zuten bitartean, abarkarik ez daramaten gasteiztarrek erdialdean antolatzen diren ekitaldiaz disfrutatu zuten. Foru plazan hegaluzez eta baserriko oilaskoz eginiko hanburgesa pintxoak saltzen zituzten, eta helduak Florida parkean antolatutako dantzaldira hurbildu ziren. Handik gertu, Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategian dagoen Umore Txokoan, Diego Perezek eta Kike Bigurik emanaldia egin zuten; eta Peñaflorida Kondearen plazan haurrentzako dantzalekua zegoen.

Gauean, itzultzeko kalejira amaitu ondoren, herritarrek Alde Zaharreko tabernetan afaldu zuten. Indarrak hartu zituzten gau luzeari aurre egiteko. Probintzia plazan Los Stompers eta Nuala: Irish Dance taldeen kontzertuak izan ziren, eta txosnetan Entropiak jo zuen Zeledon San Migueleko kanpandorrera igo baino lehen. 1.00etan utzi zuen Zeledonek hiria, eta ordu berean hasi zen Doctor Deseoren kontzertua Arabako campusean. Gasteizen Zeledon igo ondoren taberna askok itxi egiten dituzte ateak, eta jendea zuzenean txosnetara joaten da, eta ziur aski asko goizeko lehen ordura arte egon dira bertan. Orain lo egiteko unea heldu da. Atseden hartzeko unea, datorren urtean berriro ere ongietorri beroa emateko Zalduondoko gizonari.