Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Harlemeko erretratuak eta Baztaneko paisaiak, aurrez aurre

Orain 12 urte Belateko zubitik igaro eta Erratzura iritsi zenetik Baztaneko paisaiez jantzi ditu mihiseak Diana Iniestak. Egun, Erratzu du bizileku eta azken urteetan New Yorken egonaldiak egin ditu, Harlemeko gizartea erretratatuz. Abuztuan, Erratzun ikus daitezke bere lanak, baita maisutzat dituen Jose Mari Apezetxea, Peter Cox eta Mikel Esparzarenak ere.

Orain hamabi urte, bulego lana utzi eta bizitza pinturari eskainiko ziola erabaki zuen Diana Iniestak. «Madrilgo eskola batek antolatzen zuen pintura ikastaro batekin etorri nintzen lehen aldiz Baztanera. Atzo izan balitz bezala oroitzen dut nola igaro nuen Belateko zubia eta sartu nintzen Erratzun lehen aldiz: unean maitemindu nintzen», ziurtatu du margolari kataluniarrak. Paisaiaren magnetismoak harrapatuta, urtez urte itzuli zen Erratzura harik eta erretiroa hartzen zuenerako izango zen apartamentu txiki bat erosi eta, denborarekin poderioz, behin betiko bizileku bilakatu zaion arte.

Gaur egun, apartamentuaren azpian bertan du tailerra, eta, uztailean zehar, azkenaldian egin dituen obrak jarri ditu ikusgai. Abuztuan, aldiz, Erratzuko labaderoan erakutsiko du “En HARLEMen 2018” izendatu duen erakusketa. «Pintura klaseak ematetik bizi naiz eta ordu asko ematen ditut margotzen, eta orain bost urte ezin nuela gehiago sentitu nuen, bailaratik irten behar nuela», kontatu du, eta dirua aurreztuta bere jakintza zabaldu asmoz The Art Students League of New York eskola independentean eman zuen izena. «Hogei koadro saldu nituen 150 euroan hilabete New Yorken igaro ahal izateko, eta bi igarotzea lortu nuen. Astean sei egun eta eguneko hamar ordu ematen nituen margotzen, helburutzat figura eta erretratua hobetzea hartuta», kontatu du.

Esperientziak asebeteta, iaz beste egonaldi bat egin zuen New Yorken, eta, aurtengo neguan, hirugarrena. «Hiru egonaldien bidez nire margolaritzan jauzia egin dudala uste dut. Etapa ezberdinak igaro ditut, erretratua landu dut, anatomian sakondu ahal izan dut eta Peter Cox ezagutzeko aukera ere izan dut, anatomian maisua dena», zehaztu du. Hain justu, berea da erakusketara eraman duen hiru lan gonbidatuetako bat: «Eskolako irakaslea zen, anatomian maisua, eta nire obra balora zezala eskatu nionean asko animatu ninduen. Irailean hil zen eta, otsailean hara itzuli naizenean, niretzat gordea zuten bere koadro bat eman didate. Erakusketan egon behar zuen».

Coxena ez da obra gonbidatu bakarra. «Justu astebete lehenago hil zen Jose Maria Apezetxea, nire erreferentzietako bat, eta haren obra bat ere jarri dut». Hirugarren gonbidatua Mikel Esparza da, «figurazioko nire erreferentzia nafarra. Hirurei eskertza egin nahi nien, omenaldi xume bat».

Poemak eta ikus-entzunezkoa

Labaderora eraman duen hautaketan, Baztaneko paisaiak, Donibane Lohizuneko itsas paisaiak eta Harlemen margotutako erretratu eta paisaia hiritarrak topatuko ditu bisitariak, baina baita bestelako materialik ere: New Yorkeko egonaldia hobeto ulertzen laguntzen duten poemak eta ikus-entzunezko bat ere jarri ditu ikusgai. «Video-life bat da, gauza xume bat; txakurrarekin pasioan nindoala filmatutako bideoen batura da, erakusketari testuingurua emateko erabili dudana», zehaztu du.

Iniestaren erakusketa abuztuan zehar egongo da ikusgai Erratzuko labaderoan, eta hainbat bisita gidatu ere eskainiko ditu. Informazioa: www.dianainiestabenedicto.es.