Jon GARMENDIA
Idazlea

Denbora librea

Ez dakit zer daukaten gustuko lekuek, erakargarritasuna izango da agian, eta batzuetan ni joaten naiz hautatutako tokira espresuki, izan itsasertz, mendi magal edo taberna zulo, eta beste batzuetan libre naizen egunean hara joaten naizela amesten dut.

Egun hori, ordea, gutxitan iristen da, momentuko beroaldiak hoztu egiten baitzaizkizu urteen joanean, edo, izango da agian libre izatea biziki zaila dela gaurko egunean; tira, azken batean biharko uzten dituzun gauza guztiekin gaur ohartzen zara beti, eta ohartzen zara oraino ez dituzula egin.

Beharbada bihar egingo dituzula pentsatu eta larritasun plan guztiak pikutara joan direlako, kontsolagarri zait zuei ere antzekoa gertatu zaizuela pentsatzea. Bai, ezta?

Nire aurreikuspenik ez da bete. Oraino. Irakurri diot norbaiti, baikortasuna dela bi haur ttipiekin oporretara joatea eta irakurtzeko lau liburu eramatea.

Nire baikortasunari galdetu diot ea oroitzen ote duen hark nik irakurri dudan azken liburua noiz izan ote zen. Baina hark ez dit erantzun. Antza, denbora librea, preso baitabil gure inguruan.

Fifik erran dit jubilazioaren zain dagoela, baina bitartean gustuko tokira etorri dela aitortu dit, nirekin taberna berera, eta garagardo batzuk edanaz gozatu nahi duela azaldu dit, jubilatua balego bezala.

Gustuko toki berean elkartu gara biok, eta bageneukan beste zerbait egiteko, gure denbora librea aprobetxatzeko, baina baikorregiak ginela ohartu naiz hainbeste aisialdi ukaiteko.