Asier AIESTARAN
Arrauna

Garaipenetik hiru segundora gelditu da Zarauzko «Enbata»

Bigarren txanda nagusitasunez irabazi eta denbora aparta ezarri zuten GariUrangaren mutilek, baina Astillerok hobetzea lortu zuen azken txanpan.

Hiru segundo. Hiru segundo baino ez. Horixe izan zen Zarauzko “Enbata”-ri atzo Plentziako Ikurrina irabazteko falta izan zitzaion denbora tarte txikia. Garaipena, ordea, Astillerorentzat izan zen, ligan lortzen duen seigarrena, eta lidergoa sendotu egin zuen gainera, Lekittarrak laugarren amaitu zuelako.

Gari Urangak entrenatzen duen ontziak sekulako erakustaldia eman zuen bigarren txandan, nagusitasun osoz irabazi eta 21.04.03ko denbora ezarriz. Ia estropada guztian, ohorezko txandako traineruak denbora hori hobetu ezinik ibili ziren –hirugarren ziabogan zarauztarren 15.25ekoa zen denborarik onena–, baina Astillerok azken txanpa ikusgarria jo zuen eta baita garaipena lortu ere.

Kantabriarrek, ordea, gogotik sufritu behar izan zuten irabazteko. Bigarren luze aparta eginda, Lekittarra estropadaren buruan joan zen hirugarren ziabogaraino, baina hirugarren maniobra hori oso gaizki atera zitzaien eta huts hori baliatu zuen Astillerok aurrea hartzeko.

Hori bakarrik ez, atzetik aurrera eginez, azken txanpan Getariak ere harrapatu egin zuen Isuntza eta azkenean laugarren amaitu zuten lekeitiarrek. Edonola ere, play-off postua nahiko ziurtatua daukate.

Gainontzean, estropada eremu oso bihurri batean –haizeak gogor jo zuen ipar-ekialdetik eta marea jaisten ari zela korrontea oso indartsua zen– Lapurdi izan zen kolpe handiena jaso zuen ontzia: sailkapen nagusiko zazpigarrenak hamaikagarren amaitu zuen. Lehen kaleko ontziek ere ikaragarri sufritu zuten baldintza horietan. Eta hurrengo estropada... Zarautzen.