GARA
DONOSTIA

Garrel, Jie, Brillante Mendoza, Novotny, Strickland eta Groeningen, Sail Ofizialean

Bi film europar, Louis Garrelek eta Peter Stricklandek sinatuak, estatubatuar bat, Felix Van Groeningenena, eta Brillante Mendozaren filipindarra, Tuva Novotnyren norvegiarra eta Liu Jieren txinatarra gehitu dira Sail Ofizialeko lehiara. Iciar Bollain, Claire Denis, Simon Jaquemet, Kim Jee-woon, Naomi Kawase, Isaki Lacuesta, Benjamin Naishtat, Valeria Sarmiento, Rodrigo Sorogoyen, Markus Schleinzer, Juan Vera eta Carlos Vermut aurrez iragarrita zeuden.

“L’homme fidèle / A Faithful Man” (Louis Garrel), “Baby” (Liu Jie), “Alpha, the Right to Kill” (Brillante Mendoza), “In Fabric” (Peter Strickland), “Beautiful Boy” (Felix Van Groeningen) eta “Blind Spot” (Tuva Novotny) opera prima ere sartu dira 66. Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra lortzeko hautagaien zerrendan.

Hala, Zinemaldiko sari ofizialak lortzeko lehian, Iciar Bollain, Claire Denis, Simon Jaquemet, Kim Jee-woon, Naomi Kawase, Isaki Lacuesta, Benjamin Naishtat, Valeria Sarmiento, Rodrigo Sorogoyen, Markus Schleinzer, Juan Vera eta Carlo Vermuten lanei gehitu zaizkie sei ekoizpen horiek.

Louis Garrel (Paris, 1983) frantses aktore eta errealizadoreak zuzendu duen bigarren film luzea aurkeztuko du, “Les deux amis/Two friends” (2015) opera primarekin Canneseko Kritikaren Asteko aukeran sartu eta gero. Garrel –Bertolucci, Bonello, Hazanavicius eta Honorerekin aritu da lanean–, “L’homme fidèle” filmeko protagonistetako bat izango da, Laetitia Castarekin eta Lily-Rose Deppekin batera.

Liu Jiek (Tianjin, Txina, 1968) Veneziako Orizzonti saria irabazi zuen bere lehen lanarekin (“Mabei shang de fating/Courthouse on Horseback”), eta 19 urteko gazte baten istorioari heldu dio “Bao bei er/Baby” filmean: Txinako gobernuak ezarritako jaiotza kontrolaren pean, gaixo dagoen haur bat salbatzen saiatuko da.

Lehen aldiz

Cannesen, Berlinen eta Venezian lehiatu eta gero, Brillante Mendozak (San Fernando, Filipinak, 1960) lehenengo aldiz parte hartuko du Donostiako lehian, “Alpha: The Right to Kill” filmarekin. Filipinetako gobernuaren drogen aurkako borroka da filmaren testuingurua. Iaz Zuzendari Berriak sailean ekoizle gisa lehiatu zen Mendoza, Daniel Palacioren lehen lanarekin (“Pailalim/Underground”).

Tuva Novotny (Stockholm, 1979) suediar aktorea, Annihilation eta “Borg/McEnroe” (Perlak, 2017) filmaren protagonista duela gutxi, zuzendari lanetan estreinatu da “Blind Spot” filmarekin. Lan horretan puntu itsu psikologikoei buruzko istorio bat jorratu du, ama baten eta alaba baten arteko harremanaren bitartez.

Peter Strickland (Reading, Britainia Handia, 1973) kultuzko egile bihurtu da hiru film soilik egin arren: “Katalin Varga” (2009), Berlinen lehiatutako filma, Europako Zinemaren Sarietan aurkikuntzatzat jotakoa; “Berberian Sound Studio” (2012), Locarnon lehiatutakoa; eta “The Duke of Burgundy” (2014). Haren laugarren fikziozko filmean, “In Fabric”-en, soineko madarikatu baten ibilbideari jarraituko dio.

“Beautiful Boy” Felix Van Groeningenek (Gante, Belgika, 1977) ingelesez filmatutako lehenengo lana da. Aurrez, “De helaasheid der dingen/The Misfortunates” (2009) aurkeztu zuen Errealizadoreen Hamabostaldian, eta “Alabama Monroe” (2013) Berlinaleko Panorama sailean, non Publikoaren Saria irabazi baitzuen. Gainera, atzerriko film onenaren Oscar sarirako izendatu zuten.

Benetako istorioa

“Beautiful Boy” filmaren oinarria benetako istorio bat da: aita batek semea drogetatik ateratzeko aurrera eraman zuen borroka. Steve Carellek eta Timothee Chamaletek antzeztu dute, eta “Moonlight” eta “12 Years a Slave” filmengatik Oscar saria irabazi zuten produktoreek ekoitzi (Brad Pitt, Dede Gardner eta Jeremy Kleiner).

Zinemaldirako hilabete falta denean, jadanik ezagutzen ditugu lehiatuko diren hemezortzi filmak, lehiaketaz kanpo parte hartuko dutenak (“Gigantes”) eta proiekzio bereziak (“Dantza” eta “Tiempo después”). Amaierako filma hurrengo asteetan jakinaraziko dute.