Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Naipaul

Frantz Fanoren “Les damnés de la terre” eta “Peau noire masques blancs”, Edward Saiden “Orientalism”, eta Gayatri Spivak-en “Can the Subaltern Speak?” saiakerarekin batera ikasketa postkolonialen hasierako urteetan giltzarri izan zen “The Location of Culture” liburuan kapitulu oso bat eskaintzen dio Homi Bhabhak V. S. Naipaulen “The Mimic Men” (1967) nobelari. Hain zuzen, liburua (eta Bhabha bera) ezagun egin zuen eta Fanonen ez erabat beltz, ez erabat zuri den kolonietako subjektuaren gaineko teorietatik abiatuta garatu zuen hibridazioaren kontzeptua nobela horren gainean eraikitzen du teorialariak: Londresko erbestetik zurien imitazioan –ingelesak baino ingelesago izateko ahaleginean– oinarrituriko bizitzari nostalgiaz errepaso egiten dion protagonista Mary Louise Prattek “kontaktu eremu” izendatzen duen horretan jaio eta hazitako subjektuaren paradigma moduan aurkezten digu. Batek baino gehiagok iradoki dute aipatu nobelako protagonista eta egilea bat eta bera direla: subjektu kolonizatu perfektua, ordena zaharrarekiko leial eta bere arrazarekikoak zakar. Naipaul bezala Britaniar inperioan eguzkia sartzen ez zen garaian hazitako indiar diasporaren kide den Ananda Devi idazlea Bilbon zebilen Trinitatekoak Nobel saria jaso zuenean. Albisteak ez zuen harritu. Hori bai, sekulako amorrua eta auzo-lotsa sentitzen zuela esan zidan bera elkarrizketatzen ari nintzela. Antzeko erreakzioak irakurri ditut azken egunetan, Naipaulen heriotzaren harira. Hitz goxo gutxi gizonarekiko; kritika zorrotzak haren lanarekiko.