GARA
BAIONA

Apaiz bat epaituko dute Baionan ilobari sexu erasoak egiteagatik

Jean-François Saramagnan apaiza gaur arratsaldean epaituko dute Baionako auzitegian «15 urtetik beherako adingabearen aurkako lizunkeria delitua» leporatuta. Akusatuak bost eta hamar urte arteko kartzela zigorra jaso dezake delitua frogatuz gero.

Auziak 1990ean gertaturiko erasoa argitzeko balio beharko luke. Garaian 12 urte zituen Saramagnanen iloba izan zen auzipetuak pribatuki bere gain hartu zuen eraso horren biktima. Beste xehetasunik eman gabe «kastitate botoa hautsi zuela» aitortu zion apaizak berak neskatoaren amari. Azken honek 1995ean salatu zuen elizgizona. Frantziako legeak 15 urtetik beherako biktimen kasuan 38 urteko epemuga ezartzen du aipatu delituarengatik salaketa jarri ahal izateko.

2016an eman zuen amaren salaketaren berri Mediapartek, eta horren ondotik Baionako apezpiku Marc Ailletek apaiza urruntzea erabaki zuen. Okzitaniako Tournay-ko abadian, libre baina kontrol judizialpean, bizi da.

Ailletek 2009an jakin zuen apaizaren jokabideaz. Alta, haren aurrekoa izan zen Pierre Moleres gotzainak 1991n eman omen zion biktimaren familiari gaur epaituko den erasoaren berri. Litekeena da auzian zehar abusu kasu gehiago plazaratzea.