13/09/2018

Igartza bidelagun, hegaldi gorabeheratsu baten kronika idatziko du Erika Elizarik

Idazle gazteei euren literatur proiektuak garatzeko abagunea ematea da Igartza sariaren xedea eta, XXI. edizio honetan, Erika Elizari hernaniarrak eskuratu du Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak elkarlanean ematen duten saria. Elizarik azaldu zuenez, hegaldi gorabeheratsu baten kronika korala izango da «Zendabalitz», urte eta erdi barru argia ikusiko duen eleberria; iraganaren eta etorkizunaren pisuaren gaineko gogoeta ere izan nahi du.

Amalur ARTOLA|DONOSTIA
0913_kul_igartza

Idazle gazteei euren proiektuak garatzen laguntzeko sortu zuten Igartza saria Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak eta, XXI. edizio honetan sariketara aurkeztu diren hamabi lanen artean, Erika Elizari hernaniarrak aurkeztutako eleberri proiektua hobetsi du epaimahaiak. Atzo iluntzean Beasaingo Igartza jauregian jaso zuen saria Elizarik baina, aurretik, prentsaren aurrean agerraldia egin zuten “Zendabalitz” proiektua aurkezteko.

Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea izan zen hitza hartzen lehena. Haren hitzetan, sariketara hamabi lan aurkeztu izana «Igartza osasuntsu dagoen» adierazle da eta euskararen «erabilera ahopean dabilkigun honetan, ezinbestekoa da euskaraz eta kalitatez idaztea», iritzi zion. Zaku horretan kabitzen dira, Aldasororen ustez, Miren Amuriza iazko irabazleak hurrengo urteko otsailean aurkeztuko duen eleberria (“Paperezko txoriak”) eta aurtengo irabazle den Elizariren proiektua.

Bere aldetik, presioa, ilusioa eta motibazioa, hiru sentipenak nahasian eta borborka dituela ziurtatu zuen hernaniar gazteak. «Sekula ez naiz literaturan aritu, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen eta telebistan egin dut lan, hau guztia berria da niretzat», aitortu zuen. Sormenaren alorrean, zenbait film labur eta ipuinen egokitzapenak eginak dituela esan zuen hala ere, eta eleberri bat idaztearekin amets egin izan duela aitortu zuen. «Baina hau loteria bezalakoa da, ez baduzu jokatzen ziur ez zaizula tokatuko», esan zuen, horregatik aurkeztu omen zuen “Zendabalitz”-en zirriborroa Igartza sariketara.

Hegaldi bat, zazpi ahots

Hegaldi baten kronika korala izango da, aurreikuspenen arabera, argia hemendik urte eta erdira ikusiko duen “Zendabalitz”. Arazo tekniko bat tarteko, ehun bidaiariko hegaldi bat aireratu ezinda geratuko da eta Elizarik linbo hori erabiliko du gizakion erraietan dauden beldur eta zalantzak aireratzeko: «Ez daude ez aireportuan ez airean, kateatuta daude eta horrek zalantzak sortuko dizkie, ez dakite iritsiko ote diren helmugara edo ez, ezta onik iritsiko ote diren ere», azaldu zuen.

Ziurgabetasun horretara zazpi pertsonaiaren bidez gidatuko du irakurlea Elizarik. Espazio berean gatibu, pertsonaiek elkarreragina izango dute eta apurka, euren iraganeko pasadizoak eta etorkizuneko zalantzak joango dira agertzen. «Ez du carpe diem nobela bat izan nahi, iraganak eta etorkizunak sortzen dituen kezka horiek gugan duten eraginaz hausnarketa egin nahi du», argitu zuen, eta spoiler txiki bat ere eskaini zuen, aurrekari gisa: «Adibidez, pilotua aita izan berri da eta batzuetan semea hiltzeko gogoa sortzen zaiolako munstro bat dela uste du». Dauden atakan egonda, pertsonaiek iraganeko eta etorkizuneko kontuak alboratu eta orainaldiari erreparatu beharko diotela gaineratu zuen eta, egoerak ezinegona islatzen badu ere, dramatik aldendu nahi izan duela ere esan zuen, baita horretarako umorera joko duela ere: «Drama kendu nahi diet gure buruan ditugun ideia horiei».

CARPE DIEM


Elizarik azaldu zuenez «Zendabalitz» ez da «carpe diem» nobela bat izango; iraganak eta etorkizunak gizakiongan duen eraginaz hausnarketa egitea proposatzen du.