14/09/2018

EHZ elkartea desagertuko den ala ez erabakiko da larunbatean

EHZren dinamikan boluntario eskasia dagoela eta, bihar Itsasun eginen den biltzar nagusia erabakigarria izanen da. Parte hartzearen arabera eta egitasmoan engaiatzeko prest agertzen den jende kopuruaren arabera, elkartea deseginen den ala ez deliberatuko dute.

Idoia ERASO|BAIONA
0914_kul_ehz

Euskal Herria Zuzenean festibala 1996. urtean ospatu zen lehenengo aldiz Arrosan. Idauze-Mendin, Heletan eta Lekornen ere egin izan da ondoren eta aurtengo EHZ Nomada beharbada azkena izanen da. Erabakia larunbatean hartuko da Itsasuko Goxoki gaztetxean 10.00etatik goiti eginen den batzar nagusian. Jaialdiak azken urteetan izan dituen arazo ekonomikoei aurre egitea lortu badu ere, orain jendearen inplikazioa bihurtu da arazo.

EHZ elkartea bertan behera utzi edo jarraipena emango zaion deliberatuko da. Jarraitzeko “talde motorra” sortu behar da, baina beharbada beste dinamika baten abiapuntua ere izan daiteke. Aldiz, konpromisoa hartuko duen jenderik agertu ezean, bertan behera geldituko da, eta orain elkarteak dituen baliabideak proiektuaren filosofiarekin bat egiten duten beste egitura batzuen artean banatuko lituzkete.

Erabakia edozein izanik ere, 22 eta 23an auzolan asteburura deitu dute, elkarteak Hazparnen duen egoitza hustu eta margotu behar delako, baita Garro gazteluan gelditu den material zaharra atera ere, horrela eskatu baitie Lekorneko Herriko Etxeak. Biharko deliberoaren arabera, egun horiek gogoetarako momentua ere izan daitezke.

Gertatzen ari denaren inguruan irakurketa ezberdinak egiten ari dira militanteen artean: batzuek ziklo berri bat hasteko momentua dela esaten duten bitartean, beste batzuek ibilbide arrakastatsua egina duen egiturarekin jarraitu beharko litzatekeela uste dute.

EHZko kide Xabier Tubal Abrisketak biharko hitzordurako militanteei deialdia egin die: «Espero dugu jendea etortzea proposamen ezberdinak egiteko alde batetik, eta bestalde talde motorra sortu nahi baldin bada izenak hartzeko eta martxan jartzeko talde hori».

Larunbateko hitzorduko parte hartzea ahalik eta handiena izateko, «jendea deitzen ari naiz ea talde motor bat sortzeko animatzen den, eta momentuz jende guztiak ezezkoa erraten du». Ez da oso itxaropentsu agertu: «Ez da izanen miraririk, bilkura bat izanen da, non jendea etorriko den, eta horren arabera, zerbait eginen da edo ez».

Udako Nomada

Sortu zenetik lehen aldiz, aurten festibala leku bakar batean egin beharrean “Nomada” bilakatu zuten; hiru egunetan egin zen Baigorrin, Baionan eta Itsasun. “Ibiltari” definizio horrekin desmartxak zeraman bilakaeraren zentzu metaforikoa ere eman zitzaion, eta gogoeta prozesu bat abiatuko zela adierazi zen publikoki. Baina horren atzean ibilaldiaren bukaera ere hurbil egon zitekeen zantzuak gero eta argiago agertu ziren: «Uda honetatik gauzak ez dira aldatu, EHZ Nomadan ere gertatu da, jende gutxi lotu dela».

Barne egituraketari dagokionez ere hutsuneak agerian gelditu ziren: «Ez zegoen administrazio kontseilurik, barne komunikazio arazo larriak izan dira. Azkenaldian egin diren bi asanbladetara oso jende gutxi etorri da, 8-9 pertsona».

Antolaketa mailan hutsuneak sumatu arren gizartearen erantzunak hor segitzen du: «Berez festibala ondo atera da, ekonomikoki nahiko egoera onean dago elkartea. Komunikazio eskasa izan bada ere, festibala oso polita izan da, lan egin dutenek bultzatu dute festibala aurrera, lana ondo egin dute».

EHZk bizi duen egoera egungo gizartearen baitan kokatzen du militanteak: «Errealitate bat da Euskal Herri mailan, eta ez bakarrik Iparraldean, dinamika falta dela, jendea ez dela lotzen. Lapurtarren Biltzarra, Larraineko jaiak... ez dira egin aurten, eta ez dira hemendik goiti eginen».

Horren zergatiari buruz hau esan du: «Ez dakit zeintzuk diren arrazoiak, beste aro batean sartzen garelako, beste lehentasun batzuk daudelako... Arrazoiak zeintzuk diren jakitea norberaren baitan dago».

DIRUA BADA


«Bilan ekonomikoa positiboa da, baina jendea falta dugu, horregatik alarma pizten dugu errateko belaunaldi berriak mugitu behar direla jaialdiak aitzina segitu behar badu», adierazi du Xabier Tubal Abrisketa EHZko kideak.

AUZOLANA


Irailaren 22 eta 23a auzolan egunak izendatu dituzte, jaialdiko azken gune finkoa izan zen Garro gaztelutik materiala ateratzeko eta Hazparnen duten lokala hustu eta txukuntzeko.