GARA
DONOSTIA

Koldo Izagirrek eta Xabi Bordak uko egin diote Euskadi Sarietan finalista izateari

Itzulpengintza alorrean Euskadi Sarietako finalista izateari uko egin diote Koldo Izagirrek eta Xabi Bordak. Rosalia de Castro ekarri zuen euskarara lehenak eta Seamus Heaney bigarrenak Susaren Munduko Poesia Kaieretan. Halaxe irakur daiteke Lakuako Gobernuak Koldo Izagirre zein Xabier Bordari helarazitako agirian, «Poesia Kaiera». Eta «Poesia Kaiera» delakorik ez dutela idatzi; horra bi egileek Lakuako Gobernuko ordezkariei bidalitako erantzuna.

«Antza denez, liburu berberagatik izendatu gaituzte Euskadi Sarietarako finalista euskal literaturaren erresumaren barneko itzulpenaren komunitate autonomoan: “Poesia Kaiera” delako bana ageri da izendapenaren kausagarri bioi iritsi zaizkigun jakinarazpen ofizialetan». Horrela hasten da Koldo Izagirrek eta Xabi Bordak Lakuako Gobernuko ordezkariei bidalitako gutuna.

«Ez batak ez besteak ez dugu euskaratu horrelakorik», argitu dute idatzian, «eta honenbestez abisatu nahi genioke igorleari igor diezazkiela jakinarazpen horiek dagozkien itzultzaileei, suplantazio salaketarik erantsi ez diezaguten, larria bailitzateke guretzat sariketa horretan parte hartu nahi ez eta amarrutan harrapatuko bagintuzte», jarraitu dute, ironiaz. 

Euskarara ekarritako bi egileei ere gorazarre egin nahi diete. «Bidenabar, eta bromazkoak diruditen kontutxo hauek alderdi tristerik ere izan ohi dutenez, guk ere jakinarazi nahi genuke beste hauxe, biok eta beste askok daukagun literaturaren kontzeptuak begiramen handiz tratatzen dituela Rosalia de Castro eta Seamus Heaney bezalako poetak», diote. «E, Euskadi Sariak, utzi gaitzazue bakean. Eta batez ere, utz ezazue literatura bakean» eskatuz amaitzen dute idatzia Izagirrek zein Bordak.

Bakardadea, kezka sozialak eta lurraldetasuna ditu ardatz galiziar poetaren lanak. «Gizonezkoa izan balitz inportanteagoa litzateke historiografian. Baina Rosalia de Castro bera zen garrantzitsua, emakumea zelako. Gizonek idatzi ezinezkoa poemak idatzi zituen. Aitzindari bat izan zen, feminismo hitza asmatu aurretik», esan zuen Izagirrek liburuaren aurkezpenean. Seamus Heaney poeta ipar-irlandarraren lan esanguratsuenak itzuli ditu, bestetik, Xabi Bordak. 1995. urtean Nobel saria eskuratu zuen idazleak Ipar Irlanda inguruan osatu zuen bere literaturako «zero gunea», eta handik toponimia imajinarioa sortu, ia fantasiazkoa, tokiko gatazka armatuari ere leku egin ziona.

Iaz ere uko egin zion Izagirrek Euskadi Sarietan –Euskarazko Literatura alorrean– finalista izateari, Oier Guillan eta Josu Landarekin batera. Eta ezin ahaztu 2007an “Utikan Euskadi Sariak” izenburupean –hala du izenburua orain ere uko eginez Lakuara igorritako gutunak– idatzia argitara eman zuen idazle taldea. Izagirre talde hartan zen.