15/09/2018

Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria
Serena Williams

AAEBetako Irekiko emakumezkoen finalaren harira Melbourneko egunkari batek bineta bat argitaratu du. Bertan ustez haserre bizian dagoen Serena Williams azaltzen da; ustez diot marrazkiaren aurpegia hain desitxuraturik baitago pertsona bat baino gehiago animalia batena ematen baitu, txinpantze batena. Paradoxikoki, txapelketan aurrean izan zuen Naomi Osaka, jatorri haitiar-japoniarreko jokalaria, emakume zuri, lasai, lirain, ilehori baten trazan azaltzen da.

Egunkariaren jabetza duen News Corp taldea binetagilearen alde agertu da bere marrazki arrazistagatik jaso duen kritika zaparradaren aurrean. Egunkariko zuzendariak, berriz, bineta ez dela arrazaren gainekoa azaldu du, partidan Williamsek erakutsitako jokabideari buruzkoa baizik. (McEnroek sekulakoak muntatu ohi zituen jokalekuan eta heroitzat zuten askok). Are gehiago, egunkari buruak Jim Crow-en garaiko marrazkien berririk ez duela –haiekin konparatu dute Melbourneko bineta– eta Australian eta AEBetan umorea eta satira ulertzeko modu “ezberdina” dagoela ondorioztatu du. Hala ere, Australian bertan ere egon da kritikarik eta herrialdeak koloreko jendearekiko “eta, zehazki, gorenera iristen diren emakume beltzekiko” duen jarreraren isla dela azaldu dute. Azken hori aginte kolonialaren jarrera dela dio “Irish Times”–eko zutabegile batek. Irlandarrek ere jasan behar izan zuten “Punch” aldizkari ingelesaren eskutik zeinari ezin «umoretsuago» iruditzen zitzaion irlandarrak tximu alfer, mozkorti, eta zalapartari moduan azaltzea.