15/09/2018

Zinema eta teknologia ikertzeko lantaldea sortu du Tabakalerak

Tabakalerako zinema arloak, Hirikilabs kultura digitaleko laborategiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak, Banco Sabadell Fundazioarekin lankidetzan, zinema arloko teknologiaren erabilera sortzaileari buruzko ikerketa-talde bat jarriko dute abian urriaren 6tik aurrera.

GARA|DONOSTIA
0915_kul_tabaka

Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak, Sonia Mulero Banco Sabadell Fundazioko zuzendariak, Ane Rodriguez Tabakalerako kultur arloko zuzendariak eta Carlos Muguiro Elias Querejeta Zine Eskolako (EQZE) zuzendariak atzo aurkeztu zuten zinema eta teknologiari buruzko laborategi esperimental berria.

Azaldu zutenez, proiektua «ezinbestekoa» da Tabakalerak ikasturte berriarekin batera irekiko duen «garai berria» ulertzeko, «izan ere, balioko du eraikineko erakunde guztiek zinemarekin duten harremana birplanteatzeko: bere iragana, oraina eta etorkizuna».

Egitasmoa Tabakalerako ikus-entzunezkoen kide guztien «behar erreal eta organikotik» sortu dela aipatu zuten, eta helburu nagusia esperimentatzeko, pentsatzeko, prototipoak egiteko eta esperientziak sortzeko espazioa eraikitzea dela nabarmendu zuten. «Proiektu hau martxan jartzeak eta eraikitzeak mugarri berria ezarriko du eraikinean, bai eta horrek ikus-entzunezkoekin eta etorkizuneko zinemarekin duen harremanetan ere», ziurtatu zuten.

Talde irekiaren formatua

Egitasmoa garatzeko Hirikilabs-en ohikoa den talde irekiaren formatua hautatu dute eta, horrela, interesa duen edozein pertsonak har dezake parte, «izan zinemagile, izan ingeniari edo izan maker», jarri zuten adibidea. Nolanahi ere, «publiko xedea» EQZEko ikasleak direla zehaztu zuten, eta horiek izango dutela talde irekia koordinatzeko ardura.

Proiektua abian jartzeko, elkarrekin gurutzatutako tailer batzuk egitea aurreikusi dute. Horietan parte-hartzaileek esperimentatu ahal izango dute tradizionalki analogikoak diren prozesuak eremu digitalera eramanez, optical-printer-a kasu, eta, alderantzizko bidean, codec-ean esku hartuta.

Teknologia eta zinemari buruzko laborategi esperimentala urriaren 6an hasiko da lanean Hirikilabsen, Tabakalerako hirugarren solairuan, eta aldiro-aldiro bilerak egingo dituzte, larunbat goizetan. Parte hartzeko interesa duenak hirikilabs@tabakalera.eus helbidera idatz dezake eta, informazioa nahi duenak, tabakalera.eu-n begiratu.

TOPAGUNE


Urriaren 6an lanean hasiko den taldean ikasleak, zinemagile amateurrak, ingeniariak eta «maker»-ak egongo dira, eta, zehaztu dutenez, zinemazaleen topaleku izatea du helburu.