Maite UBIRIA BEAUMONT
HENDAIA

Linky kontagailua inposatu nahi dutela ohartarazteko mobilizazioa Hendaian

Enedis argindar banatzaileak Linky izeneko kontagailu adimentsua ezartzeko epemuga finkatu du. 2021. urterako «35 milioi bezeroren etxeetan» jarri nahi du eztabaida sozial bizia eragin duen gailua. Estatu frantses osoan bezala, Ipar Euskal Herrian ere kontagailuaren hedapen masiboari aurre egiteko sortu diren taldeek «espioi ezkutu» gisa hartzen dute Linky.

Gaur egun hamasei bat taldek jarduten dute hiru lurraldeetan. Herriz herri jendeari informazioa emateaz gain, salaketa ekimenak burutzen dituzte. Esaterako, iragan uztailean Enedis konpainiak darabilen «inposizio kanpaina» salatu zuten, eta, aldi berean, tokiko erakundeei engaiamendu argiagoa hartzeko eskatu zieten.

Elkarteen bultzadapean, hainbat herriko etxek kontagailu tradizionala atxiki nahi duten herritarren erabakia errespetatzeko eskatu diete argindar konpainiako arduradunei.

Bestalde, elkarteek ematen duten informazioa zabaltzen ere lagundu dute. Horrela egin zuen, joan den uztailaren 24an, Hendaiako Herriko Etxeak.

Horrek ez du oztopatu, ordea, Enedisen egutegia. Atzo, ingurumenaren aldeko ACE elkarteak jakitera eman zuenez, hainbat hendaiarrek kontagailuaren aldaketaren berri ematen duten gutunak jaso dituzte eta beste batzuek «Enedisen aldetik telefono deiak jaso dituzte, Linky ezartzea trabatuz gero isunak jasoko dituztela mehatxu eginez». Hendaiako Udalaren aurrean antolaturiko elkarretaratzea baliatu zuten ACEko kideek ohar hori «guztiz faltsua» dela azaltzeko. Era berean, hendaiarrei «ez kikiltzeko» gomendioa eman zieten, «trantsizio energetikoaren legeak argiki erraten baitu herritar batek ahal diola uko egin bere kontagailuaren ordez Linky bat jartzeari».

Ildo beretik, Hendaiako Herriko Etxeak gutuna igorri dio enpresari, «ongi funtzionatzen duen kontagailu baten jabe diren erabiltzaileen jarrera kontuan har dezala» eskatuz eta «herritarrek etxean sartzeko baimena modu argian ukatuz gero» hautu hori errespeta dezala esanez.

Hala ere, atzoko bilkuran izan ziren Angelu eta Donibane Lohizuneko Linkyren aurkako taldeetako kide bik era gordinean azaldu zuten Enedis enpresaren jokabidearen ondorioz egoera zailak sor daitezkeela «Linkya jartzera datozen enplegatuen eta bizilagunen artean». Hori ekiditeko era kolektiboan jarduteko aholkua eman zieten herritarrei. Finean, udalari engaiamendu irmoagoa hartzeko eskatu zioten.