GARA
Arrauna

Urdaibairi zigorra, El Corte Ingles Banderan

Eusko Label Ligak atzo jakinarazi zuenez, Urdaibai deskalifikatu egin dute aurreko igandean jokatu zen El Corte Ingles Banderan, lehiaketari amaiera ematen zion estropadan. Bermeotarrek ez zuten bete gutxieneko arraunlari propio kopurua –zazpi izan ordez, bizkaitarrek sei sartu zituzten tripulazioan– eta araudiko 34.3 artikulua aplikatu diete: lortu zuten bosgarren postua bertan behera utzi, eta puntuak nahiz sariak kendu dizkiete.

Hala ere, Urdaibaik azken estropada horretarako jada Liga irabazita zuen eta, beraz, sailkapeneko lehen postua ez dio inork kenduko. Hori bai, lehen 12 puntuko aldea zuen bigarrenarekiko (Hondarribia) eta zigorraren ostean laukoa bakarrik izango da. Deigarria da zigorra horren berandu iristea. Bermeotarrek bi eguneko epea dute errekurtsoa aurkezteko.

Zehazki, eta Ligaren web orrian agertzen den taldearen arabera, ontziratu ziren sei arraunlari propioak Lur Uribarren patroia eta David Iglesias, Alain Colunga, Jon Unanue, Jon Telletxea eta Jon Unzaga izan ziren. Aldiz, zortzi ez-propiok egin zuten arraun: Mikel Calleja, Carlos Palazuelos, Beñat Eizagirre, Andoni Garcia, Sebastian Acervi, Gentza Iraitz Zubiri, Mikel Beaskoa eta Cristofer Gonzalez.