Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Der Unschukdige», egia eta fedea gogoetagai

Muturreko kristautasunak fededunengan izan ditzakeen eraginez diharduen “Der Unschukdige/The Innocent” filmarekin sartu da Simon Jaquemeten Urrezko Maskorraren lehian. Egiaren erlatibotasunaren eta fedearen gaineko gogoeta egin nahi izan du filmean zuzendari suitzarrak.

Zinemaldian egona da aurretik Jaquemet. 2014. urtean Zuzendari Berriak sailean hartu zuen parte bere lehen lan luzearekin, “Chrieg”, eta bigarrenarekin lortu du Urrezko Maskorraren lehian sartzea. Jaioterri duen Suitzara begira jarrita, muturreko kristautasunaren eta egiaren erlatibotasunaren gogoeta egiten du lan honetan Jaquemetek, familia baten gorabeherak hizpide hartuta. Amak, Ruthek (Judith Hofmann), animaliekin ikerketak egiten dituen laborategi batean lan egiten du, eta, gaztaroko maitalearen heriotzaren berri izaten duenean, gainbehera etorriko zaio. Amaren aldaerak familia osoan izango du eragina eta partaide diren elizako kideak Ruth «bide onera» erakartzen ahaleginduko dira, hura deabruak hartua dagoela sinetsita.

Filmak harrera epela izan du Zinemaldian, amaiera zenbaiten ustez «irekiegiak» ikuslea noraezean uzten baitu. Baina emanaldiaren ostean prentsaren aurrean egindako agerraldian, helburua horixe bera zela argudiatu zuen Jaquemetek: «Ez da horren garrantzitsua zer den erreala eta zer ez, nire asmoa egiaren kapa ezberdinak sortzea izan da, ikuslea ere Ruthen egoera berean egon dadin: berak ere ez daki zer den erreala eta zer ez».

Eliza libreen gorakada

Suitzan katolizismoaren beherakada ematen ari bada ere, eliza ebanjelikoak gorakada etengabean direla ere esan zuen Jaquemetek, eta, bera «bereziki elizkoia» ez dela aitortuta ere, hainbat elizatan egon dela aipatu zuen. «Uste dut eliza gehienak irekiak eta kritikoak direla, baina aurkitu ditut horrelakoak ez direnak ere, batez ere nerabeak erakartzen ahalegintzen direnak eta horretarako marketin kanpaina bikainak osatzen dituztenak. Suitzan gertatzen ari da, eta ausartuko nintzake Europa osoan ere gertatzen ari dela esatera», esan zuen. Hofmannek gaineratu zuen musika, dantza eta talk show-ak erabiltzen dituztela horretarako: «Batzuetan karaoke batean egotea bezalakoa da, dantza egiten da, zeremoniek kontzertuak dirudite… Zure barne zalantzetara iristeko bide horiek erabiltzen dituzte, eta, filmean ikusi dugun bezala, batzuek ez dizute ihes egiten uzten».

Hofmannek interpretatzen duen pertsonaia izan zen zuzendaria gidoia idaztera bultzatu zuena; fedearen galera eta egiaren bilaketa antzua irudikatzen ditu pertsonaia horrek. «Oraintxe ikusi dut lehen aldiz filma eta ikusitakoa barneratzen ari naiz –aitortu zuen Hofmannek–. Elizaz hitz egiten du, egiaz, baita hartu behar izaten ditugun erabakiez ere», esan zuen.