GARA
BUENOS AIRES

Grebaren erdian, Argentinako Banku Zentraleko nagusiak kargua utzi du

Herrialdea krisi ekonomikoan erabat murgilduta dela salatzeko sindikatuek deituriko 24 orduko greba orokorraren erdian, dimisioa aurkeztu du Luis Caputok. Apiriletik beheranzko joeran dago pesoa eta Gobernuaren azken neurriak gaitzesteko egiten ari dira geldialdia.

Atzo, 24 orduz, langile argentinarrak greba orokorrera deituta zeuden eta, horren erdian, Luis Caputo Argentinako Banku Zentraleko lehendakariak bere kargua utzi zuen, «arrazoi pertsonalengatik». Ekainaren 14an hartu zuen aipatu kargua, Federico Sturzneggerren dimisioaren ondotik.

Pesoa beheranzko joeran dago apiriletik, eta, hala, Mauricio Macriren azken erreformak eta herrialdeak Nazioarteko Diru Funtsari eskaturiko mailegua gaitzesteko greba deialdia egin zuen Lanaren Konfederakunde Orokorrak (CGT). Astelehenean, gainera, Argentinako Langileen Zentralak (CTA) ere 36 orduko protesta abiatu zuen.

Macri, bien bitartean, AEBetan dago Nazioarteko Diru Funtsari eskaturiko mailegua negoziatzen. Ekainean 50.000 milioi dolarreko mailegua adostu ostean, berau ordaintzeko aplikatu beharreko neurriekin oso kezkaturik daude Argentinan.

Azken urte eta erdian, Macriren politiken aurka deituriko laugarren greba orokorra izan zen, Argentinako 00.00etan hasi zena (05.00ak Euskal Herrian). CGTko ordezkari Hector Daerren iritziz, Gobernuaren politikek «behea jotzera» eramango dute herrialdea, eta, horregatik, beharrezkoa deritzo «norabidea aldatzea».

Garraio sektore guztia batu zen atzokoan sindikatuen deialdira. Jada asteleheneko azken orduetan, esaterako, Buenos Airesko metroko sei lineak funtzionatzeari utzi zioten. Herrialdea zeharkatzen duten tren eta autobusek ere ez zituzten beraien zerbitzuak eskaini atzokoan. Hegaldien kasuan, sektore guztia grebara batu ez bazen ere, Aerolineas Argentinas eta Latam konpainiek herrialde barneko bidaia guzti-guztiak utzi zituzten bertan behera. Denda, ikastetxe eta banketxeak ere itxita egon ziren, eta gutxieneko zerbitzuak eskaini zituzten ospitale eta osasun zentroetan.

31.600 milioi pesoko kostua

CGTko arduradunek Argentinako “Página 12” egunkariari adierazitakoaren arabera, Macrik neurri «garbiak» hartu behar ditu, «eta ez espekulatzaileen aldekoak bakarrik». «Neurriok aldatzen ez baditu, borrokarekin jarraitu beharko dugu», ohartarazi du sindikatuak.

Dante Sica Ekoizpen eta Lan ministroak, bestalde, greba orokorra egiteko unea «desegokia» dela adierazi du. “Página 12”-k Gobernuko iturrietan oinarrituta esandakoaren arabera, «geldialdiaren kostua» 31.600 milioi pesokoa izatera irits daiteke.