GARA
BILBO

Bilboko Ja! jaialdia Forgesi omenaldia eginez hasiko da

2010ean hasi zenetik jaialdia oso lotuta egon izan da Forgesekin. Lehen edizio hartan omenaldi bat egin zioten, eta gerora hainbat lan eraman izan ditu topaketara. Bederatzigarren edizio honetako beste omendua Alex de la Iglesia zinema zuzendaria izango da. Haren lanen gaiak oinarritzat hartuz osatu dituzte egitaraua eta jaialdiaren kartela.

Ja! Bilboko umorezko literaturaren eta artearen nazioarteko jaialdiaren 9. edizioari hasiera emango diote gaur Forges binetagilea gogora ekarriz. Omenaldian haren alaba, Berta Fraguas, eta Juan Carlos Ortega umorista grafikoa izango dira.

Bertan, “Forges inolvideibol” izenburupean –BBK Aretoa, gaur 20.00etan–, artistaren ibilbidea errepasatuko dute elkarrizketa baten bitartez. Ez da kasualitatea jaialdia horrela zabaltzea. Izan ere, Forges hasiera-hasieratik egon zen hari lotuta eta lehen edizioan jada bere ibilbideagatik omenaldi bat egin zioten.

Bestalde, Ja!-ra eraman izan ditu “Forrenta años”, Axpirekin marraztu zuen “Drácula” eta Piral Garridorekin egindako “La posguerra vista por una particular y su marido” lanak. Marrazkilaria lanean hasi zeneko 50. urteurrena ere ospatu zuten.

Era berean, BBK Aretoko paretetan “Mujeres entre viñetas” erakusketa egongo da ikusgai. Aurtengoan Mamen Moreu marrazkilariaren komikiak eta irudiak hautatu dituzte horretarako. Artista aragoiar honek bere bigarren obra luzea argitaratu berri du, “Desastre” (Astiberri). «Erakusketa honetarako hautatu ditudan orrialde, bineta eta ilustrazioek era guztietako emakumeak dituzte protagonista: emakume indartsuak, emakume traketsak, emakume bizkorrak eta beren bizitzarekin zer egin ez dakiten emakumeak. Besteak beste, komikiaren munduan ezagutzera eraman ninduten Marcelaren abenturak eta zoritxarrak kontatzen dizkigu», argitu du egileak.

Elkarrizketak egunero

Osagarri bezala, Ja! Bilbao Jaialdiak deitutako IV. Umore Grafikoko Eskola Lehiaketan parte hartu duten lanik onenak biltzen dituen erakusketa inauguratuko da Erriberako merkatuan. Sari banaketa larunbatean izango da.

Jaialdiaren irudiari dagokionez, Alex de la Iglesia zinemagilearen “El día de la bestia” filmean oinarrituta dago. De la Iglesiak jasoko du, hain zuzen, BBK Ja! Bilbao Saria. Zuzendariaren lanen eduki filosofikoek eta beldur-aztarnek baldintzatu dute aurtengo gaien hautaketa.

Jaialdian zehar topaketa ugari izango dira. Horietan, hainbat idazlek, kazetarik, historialarik, intelektualek, poetak, editorek, unibertsitate-irakaslek, zinemagilek, aktorek eta komikok umoreak testuinguru eta arte-diziplina ugari eta askotarikoetan utzitako arrastoa aztertuko dute. Aurten, filosofiak, historiak, beldurrezko generoak, migrazioak, telebistak eta zinemak bereganatuko dute arreta, besteak beste.

Egitarauaren parte bat aipatzearren, egunero egongo dira elkarrizketak BBK Aretoan, iluntzean, eta horiek borobiltzeko, urriaren 6an Carlos Areces aktoreak Alex de la Iglesia elkarrizketatuko du bere sari banaketan (20.00). Amaitzeko, elkarrizketen ordez, “From Cork to Kortezubi” bakarrizketa eskainiko du Barry Manley-k Bilborocken (19.00).