09/10/2018

Soinean eramateko artea dakarte Londresen lagun egin ziren artistek

Ikasketak Middlesex-eko Unibertsitatean eginez, gradu bat eskuratzeaz gain, adiskidetasun bat ere erdietsi zuten Virginia Ameztoyk eta Eleanor Park-ek. Euskaldunari Ekain Artelanak galerian erakusketa jartzeko aukera sortu zaio eta bere laguna gonbidatu nahi izan du. Aretoan oihalak apaintzeko bi teknika eta estilo aurki ditzakegu. Parkek paperean egindako ilustrazioak arte digitalarekin nahasten ditu. Ameztoyk, berriz, eskuz serigrafiatzen du.

Nagore BELASTEGI|DONOSTIA
1009_kul_ekainoihalak

Londresko Middlesexeko unibertsitatean Ehungintza, Diseinua eta Gainazalen Estanpazioa ikasten ari zirela ezagutu zuten elkar Virginia Ameztoyk eta Eleanor Parkek. Orain Donostiako Ekain Artelanak galerian bat egin dute biek.

Azaroaren 4ra arte ikusgai izango den erakusketa muntatzen ari ziren ostiral goizean. Ameztoyk bere kimono eta zapiak pertxetan jartzen ari zen bitartean, Parkek sabaitik erratzak zintzilikatzen ziharduen. Txoko batean zegoen bien irakasle izandakoa, Ameztoyren kimonoak txukuntzen, laguntzeko prest. Urtero bisitan etortzen zaiola kontatu zigun euskaldunak.

Parkek ilustrazioak eta zapiak ekarri ditu Donostiara. Bere teknika mistoa da. Lehenik paper gainean eskuz marrazten du, eta ondoren, eskaneatu eta ordenagailuan duela, diseinua ilustrazio digitalarekin osatzen du.

Bere ilustrazioetako protagonista Penelope Chivers da, sorgin burges bat. Biluzik agertzen da beti, ez baitzaio besteek pentsatzen dutena axola, eta egoera desberdinetan irudikatzen du. «Sorginak emakume indartsu eta independenteak dira. Penelopek nahi duena egiten du», azaldu zuen.

Zapi handi eta txikiagoak ditu. Handien ale bakarra egiten du, eta txikien kasuan tirada txikia bada ere, eskariaren arabera egiten ditu. Esaterako, pertsonaia toalla batean etzanda eguzkia hartzen agertzen den lana egiteko hiru hilabete eman zituen, xehetasun asko dituelako. Penelope Shakespeareren Opheliaren paperean sartzen dena egiteko, berriz, astebete besterik ez zuen behar izan.

Kimonoak negurako

Virginia Ameztoyk eskuz serigrafiatzen ditu bere lanak. Villabonan tailer bat dauka horretarako mahai batekin. Duela bi urte kimonoak egin zituen, baina finak ziren, egoera berezietan erabiltzeko. Orain berriro egin nahi izan ditu kimonoak, Japoniakoen patroi originalak oinarrian izanik, baina barrutik artilea jarri die neguan erabili ahal izateko.

Zapiak intsektuekin apaindu zituen aurreko bilduman –animalia horiek asko gustatzen zaizkio–; oraingoan, berriz, itsasoarekin lotu ditu. Koadroekin apaindu ditu oihalak eta han-hemenka otarrain bat jarri du. Teknika eta oihalekin esperimentatzea interesatzen zaio.

Bere lanari jarraipena egin nahi izanez gero, webgunean salgai ditu produktuak eta laster Donostiako zein Logroñoko bi dendatan izango dira. Bestalde, abenduko bigarren astean Ekain Artelanak-ek hainbat artistaren lanak elkartuko ditu erakusketa batean, Gabonei begira. Beren lanak opari desberdin gisa saltzea ahalbidetzen die horrela. Ameztoy azoka txiki horretan egongo da.

TAILERRA


Beraiek ikasitako teknikak erakusteko garaia iritsi zaie. Ameztoyk, adibidez, Balenciaga museoan estanpazio tailerra eskaintzen du.