GARA
GASTEIZ

Musika elektroniko garaikidearentzako tarte bat Gasteizen, Mugako jaialdian

Bi egun izatetik hiru izatera pasatu da Mugako jaialdia, handitzen ari den seinale. Laugarrenez egingo dute aurten eta berrikuntzekin dator. Alde batetik, arte egoitza bat abiarazi dute, proiektuak garatu eta jaialdian bertan aurkeztu ahal izateko. Bestetik, entzuleek musikarekin esperimentatzea eta artistekin harremanetan jartzea ahalbidetuko duen espazio intimo bat txertatu dute. 35 artista igaroko dira Gasteiztik datozen egunetan.

Gasteizko musika elektroniko garaikideko Mugako jaialdiak laugarren edizioa izango du hilaren 11, 12 eta 13an, Artium museoan. Festibal gaztea da, baina pixkanaka hazten ari da. Euskal Herriko, Estatu espainoleko zein nazioarteko puntako artistak ekarriko dituzte beste behin, baina gainera aurten, berrikuntza bezala, “Anplitude” izena daraman espazio bat zabalduko dute.

Honakoa sintesi modularrean oinarritutako esperimentazio gunea izango da. Ostiral eta larunbatean egongo da zabalik Artium museoan eta bere kartel propioa izango du. Espazio honen helburua da bertaratzen direnei esperientzia ezberdin bat eskaintzea eta artistekin harreman zuzena izatea ahalbidetzea, entzuleek ere esperimentatu ahal izan dezaten.

Jaialdiaren antolatzaileek azaldu dutenez, sintetizatzaile modularrak aspalditik erabiltzen dira musika egiteko. Gune honi esker teknika ezagutarazi nahi dute, artistak publikoaren parean jarriz aparailuak ukitu ditzaten. Larunbatean, gainera, tailer bat izango da musika mota honen inguruko informazio teorikoa eskaintzeko.

Jaialdia handitzen ari den seinale ere bada bi egunetik hiru izatera pasatu dela. Izan ere, guztira kartel ofiziala 35 saiok osatuko dute eta egun bakoitzeko egitaraua eguerdian hasiko da.

Egitarauari begirada azkar bat emanez gero, Blawan-ek (Jamie Roberts) bere lehen diskoa ekarriko du, “Wet will always dry”. Horrez gain, tekno musikako momentuko artista bikainenen artean kokatzen den Baker & Baumecker-ek ikuskizuna eskainiko du.

Musika estilo honetan gizonak ugariagoak badira ere, esparru guztietan bezala, gero eta emakume gehiago daude. Adibidez, Jasss asturiarra eta Avalon Emerson estatubatuarra Gasteizen izango dira «mota guztietako erritmo eta esperimentu bisualez jositako saio dantzagarriak» eskaintzen.

Ospe handiko artisten artean aipagarriak dira JK Flesh (Justin K Broadrick) eta Mick Harris, zeinak “Fret” ezizenarekin prest dagoen denak dantzan jartzeko 22 urteko ibilbidea bete ostean.

Artearekin bat

Euskal Herritik kanpoko artistei bertakoak gehituko zaizkie, Ope Loeb, Yngryd edo Borsek, esaterako. Horiekin batera, ikus-entzunezko euskal artista esperimentalei bultzada bat emateko ekimen bat sortu dute. Izan ere, jaialdia bera musika elektroniko esperimentalaren ingurukoa da eta egoitza, Artium, arte garaikideko museoa.

Hala, egoiliar izateko deialdi bat egin zuten eta 11 artistek hartu zuten parte. Irabazlea Ainara LeGardon izan da, eta bi astean zehar baliabide ekonomiko, tekniko eta materialak eskura izan ditu proiektua garatzeko. Orain, egindako lana jendaurrean aurkezteko aukera izango du. Musika jaialdi baten baitan dagoenez, soinua garrantzitsua izango da, baina Mugakok irudiaren aldeko apustua ere egin nahi izan du. LeGardonen kasuan, bere txandan inprobisazio librean oinarrituz, ahotsa eta mugimendua erabiliko ditu tresna elektroniko, mikrofono eta zinta analogikoak nahastuz.

Epaimahaiak LeGardonen esperimentazio maila, ibilbidea eta museoaren testuinguruan murgiltzeko gaitasuna izan ditu kontuan. Bestalde, epaileek Miriam Santos “Echo” artista gasteiztarraren proposamenari aipamen berezia egin diote, eta, hala, honek ere bere lana jaialdian aurkeztu ahalko du. Echok musika eta argazkilaritza uztartu ditu indarkeria matxista bezalako gaiak salatzeko.