Amagoia MUJIKA
N

INPROBISATZAILEA ETA PUBLIKOA TXIRIKORDATZEN DIRENEAN

ERRO BERBERA DUTEN HIRU ARBOLA DESBERDIN PLANTATU ZIREN ATZO HERNANIKO OHOLTZAN. BERTSOLARITZA, KUBAKO REPENTISMOA ETA ARGENTINAKO PAYADAK. EMAITZA, ZORAGARRIA, BATZUEN ZEIN BESTEEN HELMUGA BERA DELAKO: PUBLIKOA HITZEKIN UKITZEA.

Tomasita Quialak esaten du oholtza gainean transformatu egiten dela eta beste pertsona bat sentitzen dela, dohain berezi batek ukitutako norbait. Atzo Hernaniko Biteri kultur etxeko oholtza gainean agertu zen Tomasitak ezin dio eutsi barruan duen inprobisatzaileari. Gailendu egiten zaio, azaleko poroetatik atera. Kubako repentistak publikoa, gai-jartzaileak, kantukideak... denak konkistatu zituen. Eta bera zoriontsu, distiratsu. Inprobisatzaile baten helmuga gorena eta kasik bakarra hori baita; parean duenarengana iristea, parean duena mugiaraztea. Tomasitak ez zituen ikusten ikusleen harridura aurpegiak, jaiotzez itsua delako, baina sentitu, igarri, imajinatu egin zituen. Horren zalantzarik ez zen geratu.

Lankuk eta Mintzolak antolatutako Nazioarteko Inprobisatzaileen Biran parte hartzen ari dira Kubako Tomasita Quiala repentista eta Argentinako Araceli Argüello payadorea. Lehena, eskarmentu handiko inprobisatzailea, punta-puntakoa eta ezaguna bere herrian. «Si yo no canto no como» omen da, ironiaz, askotan esaten duen esaldia eta horri ere aise kantatu zion atzo: «Hay dos formas de comer con la boca y con la mente/ una comida es caliente y la otra da más placer/... no me den cena esta noche que ya he comido bastante».

Araceli Argüello, berriz, 23 urteko payadore gaztea, Argentinako Cordoba probintziako bakarra. Hasiberria da, baina zer esana baduela eta esateko modu eleganteak dituela erakutsi zuen atzo. Bere gitarrarekin lagunduta, ofizioka aritu zen kantukideekin –Maialen Lujanbio eta Julio Soto bertsolariak eta Tomasita Quiala bera–. Adibidez, saioaren hasieran Maialenekin oso ofizio polita josi zuen. Biak supermerkatu bateko langile prekarioak ziren, Araceli borrokarako prestu eta, Maialen, ez. «...que no existen un oprimido si no hay un opresor» edota «no se ha ganado un derecho pidiéndolo por favor» gisako argudioak lotu zituen. Bikain.

Aurreraxeago berriz jardun zuten elkarrekin Lujanbiok eta Argüellok, sintonia ederrean, eta, hernaniarrak kantatu zionez, antzekotasun dezente dituzte. Bat gautxoa, bestea tratantearen alaba, biak ile beltzekoak, «ni zu nintzake Argentinan eta zu ni zinake Hernanin».

Xuxurlatzaileak

Kubako repentismoan bada oin behartua deritzon ariketa bat. Horretan, publikoak jarritako zortzi silabako esaldiaren gainean osatzen du bertsoa inprobisatzaileak. Horretan jardun zuen Tomasita Quialak atzo, gustura. Publikoak proposatu eta berak goitik behera ekarri bertsoa, indar ikaragarriz. Benetan une polita izan zen, publikoak asko gozatu zuen ariketarekin eta kubatarrak goia jo zuen.

Saio oso berezia izan zen, euskara eta gaztelania konbinatuta. Eta aipatzekoa da inprobisatzaileak ez ezik, xuxurlatzaileak ere aritu zirela. Irati Majuelo bertsolaria aritu zen itzultzaile lanetan, Araceliren eta Tomasitaren alboan jarri eta belarrira gazteleraz xuxurlatuz bertsolariak euskaraz kantatuta. Izan zen, baina, beste xuxurlatzailerik, Tomasitaren seme Jose Mendozaren alboan aritu zen Jon Agirresarobe, bertsolariak eurak atzean eserita zeudenean, publikoan Araceliren amaren ondoan zeudenak... Lan isil bezain garrantzitsua egin zuten itzultzaile inprobisatu horiek eta asko lagundu zuten saioaren erritmoan. Benetan saio bizia izan zen, gainera.

Une batean, baina, Tomasita Quialak ez zuen itzulpenik behar izan. Oporretara zein pertsonaia historikorekin joango ziren galdetuta, Maialen Lujanbiok «Fidel Castrokin joango nintzake Tomasitak lagunduta» kantatu orduko zutik jarri eta txaloka hasi zen kubatarra. Ederki ulertu zuen, bai. Berak ez du ikusten, baina bere jarduna entzutekoa ez ezik, ikustekoa ere bada, une askotan gorputz guztiarekin inprobisatzen duelako, kontatzen duelako, esan nahi duena. «Yo soy médico de almas» esaten duenean, ez zaio arrazoirik falta.

Todo sobre N