Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Belgika

Leopold erregeak 1908an Kongo Belgikako Estatuaren esku utzi zuenean, garai hartan gizon bakar baten esku “jabego” pribaturik handiena, bere jauregiko labeak lanean aritu ziren zortzi egunez, «Kongoko Estatuari buruzko erregistro guztiak errauts eta ke bihurtuz», azaltzen du Adam Hochschildek “King Leopold’s Ghost” (1998, Leopold erregearen mamua) liburuan.

Historialariaren arabera, Kongori ez ezik, haren jabe zelarik herrialdean egin zituenak argitzeari ere uko egin zion Belgikako erregeak. Hochschilden arabera, goma ustiatzeko esklabo bihurturiko kongoarretatik hamar milioi inguru hil zituen. Arrakasta handia izan zuen Leopolden egitasmoak, dudarik gabe. Belaunaldiz belaunaldi Belgikako eskola umeek Leopolden misio “zibilizatzaileari” buruz ikasi zuten, nola esklabotza deuseztatu, eskolak eta errepideak eraiki, demokrazia eta kristautasuna zabaldu zituen Kongon errege bihozberak.

Duela ez hainbeste, azken bi hamarkadetan hain zuzen, hasi dira pixkanaka belgikarrak beren herrialdearen historiako gertaera doilorrenetakoa ametitzen, Hochschilden liburuari esker besteak beste. Errege onberaren mitoak indar handia du oraindik ere, ordea, eta hori aldatzeko gobernuak emandako urratsak txikiak dira. Hori aldatzeko asmoa du Leopold zenaren jauregia kokaleku duen Afrika Erdialdeko Errege Museoak abendutik aurrera ikusgai izango den bildumen berregituraketarekin. Leopolden sarraskiak aintzat hartzeaz gain, Kongoren historia, kultura, eta arte garaikidea izango dute bildumek ardatz. Ikusteko dago egitasmoaren emaitza.