Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Dibortziatuta dagoen emakumerik gazteenaren borroka judizial eta pertsonala

Nojud Ali Yemengoa da eta 10 urte besterik ez zituela bere adina hirukoizten zuen gizon batekin ezkontzera derrigortu zuen aitak. 2008. urtea zen, eta, nola ez, bere bizitza errotik aldatu zen. Bi hilabete geroago, dibortzioa eskatu zuen neskatoak. Hain zuzen ere, Auzitegietara jo zuen egunean hasten da “Nojud naiz, 10 urte eta dibortziatua” lana. Nojud Alik berak bere istorioa Delphine Minoui kazetari frantsesari kontatu zion eta elkarlanean idatzi zuten liburua, batzuetan lehen pertsonan, unerik garrantzitsuenak neskatoaren ahotsean jarriz, beste batzuetan hirugarren pertsonan, istorioari formatu «nobeleskoa» emanez.

Orain Carmen Gisasola preso ohiak euskarara ekarri du, Erein argitaletxearen Oroimenean Barrena sailerako. Bilduma horretan daude, besteak beste, “Anna Franken egunkaria”, Nadia Ghulamen “Nire turbantearen sekretua” edota Viktor E. Franklen “Gizakia zentzu bila”. Sailean autobiografiak eta fikziozko lanak nahasten dira, baina guztiek duten bereizgarritasuna da gizarte arazoak begien aurrera ekartzen dizkigutela.

Azken lan honetan injustizia baten berri ematen zaigu, eta bereziki ukitzen gaitu protagonista ume bat delako. Yemen hedabideetan askotan agertu ohi da bertako gatazkaren ondorioz, baina “Nojud naiz” liburuan arazo intimoago bat kontatzen da, hainbeste jenderi eragiten ez diona, baina bertako emakume ugarik jasan behar dutena.

Hautu pertsonala

Carmen Gisasolak onartu zuen asko kostatu zitzaiola lan hau itzultzea. Izan ere, espetxean zegoela hartu zuen lana, inork enkargurik egin gabe. Itzultzaile profesionala izan gabe, eta, kalean izango lituzkeen tresnen laguntzarik gabe, erronka handia izan zuen frantsesetik lan hau euskaratzea. Hala ere, erabaki hori hartu zuen gaiak interesa piztu ziolako Langraizko kartzelan lagun zuen emakume marokoar batek liburua utzi zionean.

Gisasolaren esanetan, liburuan ez da neskaren istorioa soilik kontatzen, baita bere familia osoarena ere. Bere ausardiaren ondorioz dibortziatuta dagoen emakumerik gazteena bilakatu zen Nojud. Hark bidea zabaldu eta atzetik beste neska batzuek ere eman dute pausoa. Hori bai, liburua nazioartean txalotua eta goraipatua izan bada ere, Yemenen ez zuten begi onez ikusi. Gerora jakin da aitak etxetik bota zuela Nojud, ahizpa gazteena ere ezkontzera behartu zuela eta liburuarekin lortutako diru guztia xahutu zuela.