13/10/2018

Duela 2.000 urteko emakumeen gaineko gogoeta Arkeologi Museoan

«Mulieres: Emakumeak Augusta Emeritan» erakusketa duela 2.000 urteko emakumeen inguruko hausnarketa da: bizitza publikoa eta pribatua, familia, amatasuna, heriotza, prestakuntza kulturala eta boterea aztertzen ditu. 80 pieza baino gehiagotan oinarritzen da, Augusta Emeritako aztarnategi arkeologikotik eratorritakoetan. Erakusketa Meridako Antzerki Klasikoko Jaialdiaren, Oiasso Museoaren eta Bizkaiko Aldundiaren lankidetzaren emaitza da.

GARA|BILBO
1013_kul_arkeologia

“Mulieres: Emakumeak Augusta Emeritan” erakusketa Bizkaiko Arkeologi Museoan ikusgai dago otsailaren 3ra bitarte. Bertan, emakume anonimoak, boteretsuak edo jainkosak, irudikatzen dituzten brontzezko zein harrizko eskulturen bidez, eguneroko objektuen, bitxien edo hilerrien bidez, erromatarren garaiko emakumeen bizitzako funtsezko atal batzuk ezagutzeko ibilbidea proposatzen da, eremu publikotik hasi eta pribatuetaraino, alor erlijiosoak eta kulturalak alboratu gabe.

Erakusketa bi eskulturarekin hasten da: bata emakume gazte batena da, ia umea, inperioko printzesen erara jantzitakoa (ia osorik inguratzen duten soingaineko aberats eta zabalak ditu); bestea, andere handi tradizional batena da (ama, erromatarren ideal femenino bezala), tunika batez estalia.

Antolatzaileek ohar bidez adierazi dutenez, «kontuan izan behar da gizarte patriarkal hartan emakumearen zereginik behinena jarraitutasuna bermatzea zela, hala familiarena nola komunitatearena; orduko gizartean, erditzean emakumea hiltzea ohoragarria zen, emakume horrek bere gizarte funtzioa betetzen zuela uste zelako. Horregatik hilarrietan hildakoari buruzko gorespenak eta laudorioak idazten zituzten».

Nolanahi ere, erromatar garaiko emakume batzuek eskubide handiagoak izatea lortu zuten, batik bat alor ekonomikoan, beren ondare propioa edukitzeko eta kudeatzeko ahalmenarekin zerikusia zutenak. Erakusketako pieza batzuek erakusten duten bezala, emakume horietariko batzuk familien enpresa eta negozioen funtsezko oinarriak ziren; irudi horien artetik bat azpimarratu dute; seguruenik bere jabetzakoa zen tabernan upel batetik pitxer batera ardoa ateratzen bere jarduera garatzen irudikatuta agertzen den Sentia tabernariaren erliebea.

Emakume batzuek, halaber, arteak ikasi zituzten, besteak beste, musika, poesia eta literatura, nahiz eta batez ere arteen inspiratzailetzat jotzen zituzten. «Izan ere, arte horiek babesten zituzten dibinitateak femeninoak ziren eta musen izenak hartzen zituzten. Gai honi dagokionez, erakusketa bisitatuko dutenek lira jotzen ari den ia 1x50 metroko altuera duen musa baten eskultura ikusi ahal izango dute, edo komedia, tragedia edo dantzaren bidez adieraziz giza emozioak aintzatesten ziren antzokietan jartzen ziren menade dantzari batena».

Oso gutxi izan ziren boterearen gailurrera iritsi ziren emakumezkoak. Horrelako kasuetan, txanpon, erliebe edo estatuetan irudikatuta agertzen dira, familia inperialaren irudia goratzeko. Augusta Emeritako foroko eta antzokiko Agripina gaztearen bi erretratu daude erakusketan, enperadoreen biloba, emaztea eta ama eta, «onerako eta txarrerako, inperioko toki guztietako emakume anonimo askoren ‘eredua’ izan zena», gaineratu dute.

Gizarte estatusa soineko eta apaingarrien bidez islatzen zuten eta, horrela, erakusketan urrez eta zilarrez egindako piezen errepertorioa erakusten da: diademak, buruko orratzak, idunekoak, belarritakoak, zintzilikarioak, besokoak... «Familiek bitxirik onenak erakusten zituzten ekitaldi publikoetan baina, halaber, bitxi horiekin lurperatzen zituzten».

Erakusketa honetan Augusta Emeritako aztarnategi arkeologikoko 80 pieza baino gehiagotan erakusten badira ere, baditu Euskal Herriko material arkeologikoak ere. Adibidez, Higerko lurmuturreko ainguralekuan aurkitu zituzten Isis eta Minerva jainkosak irudikatzen dituzten bi brontze, Foruan aurkitu zen eta etxe bateko aldarekoa zen Isis Fortunaren brontzezko estatua txiki bat, Cercia Mara deitzen zen Galdakaoko emakume batek bere nebari eskaini zion hilarria eta Aloria-Urduñan aurkitu zen Faustinaren txanpon bat.

BERTAKOAK


Erakusketa honek Augusta Emeritako aztarnategi arkeologikoko 80 pieza baino gehiago biltzen baditu ere, Euskal Herriko material arkeologikoak ere badira bertan.