GARA
BILBO

Igande eta jaiegunetan irekitzearen aurka mobilizatu dira Bilbon

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek osatutako plataformarekin bat eginda, igande eta jaiegunetan irekitzearen kontra atera zen atzo kalera. DIA supermerkatu kateak DIA&Go denda berri bat zabaldu zuen atzo Poza Lizentziatuaren kalean, eta bertan egin zuten elkarretaratzea.

Komertzio horrek «komenientziako denda» formatua izango du, hau da, 08.00etatik 23.00etara bitartean egongo da irekia. Bilboko Maria Diaz de Haro kalean dagoen Carrefour Express supermerkatua ere igandeetan zabaltzen hasiko da.

ELA, LAB, CCOO eta UGTk plataforma bat sortu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, irekiera mugagabe horiek erabat gaitzesten dituztelako. «Merkataritza sektorea bultzatu ordez, langileen baldintzak malgutu eta esplotatu egiten dituzte. 365 egun irekita dauden dendetan, edo 08.00etatik 23.00ak arteko ordutegia dutenetan, langile batzuen beharrizanaz eta prekarietateaz baliatzen dira», salatu zuten atzo.

Bi mobilizazio egin zituzten, lehena 11.30ean, Poza kaleko DIA&Go dendaren aurrean, eta, bigarrena, 12.30ean, Maria Diaz de Haroko Carrefour Expressen.

Enplegua «suntsitzen dute»

Denda horien ereduak auzo eta herrietako merkataritza eta, ondorioz, sektoreko enplegua «suntsitzen» dutela azaldu zuten, «soilik kate handietako jabeak aberastuz». «Merkataritza sektoreko langileok (saltoki handiak, oihalak, merkataritza orokorra, oinetako, altzari, metal eta elikagai merkataritza) langile guztion batasunak gure borrokaren muina izan behar duela kontuan izan behar dugu. Momentu hauetan erasoa elikagai sektoretik etortzeak ez du esan nahi gainontzekoak salbu zaudetenik, komertzioak liberalizatzeko patronalak ematen duen pausu bakoitza langile guztiontzat kaltegarria izango da, eta, ondorioz, gizartearentzat», ohartarazi zuten.

Kontsumitzaile bezala dugun erantzukizunari ere erreparatu zioten. «Gure eros beharrak sobera asebete ditugu eta erantzule izan behar gara, zer eta noiz kontsumitu behar dugun pentsatuz. Gizarte justu bat izan eta sektore bakoitzaren erreklamazioak lortzetik urrun izango gara (gazteak, pentsionistak, langabeak, sektore publiko zein pribatuetako langileak...) langile klasearen arteko elkartasunean eta errespetuan oinarritzen ez bagara».

DIA, Carrefour, Opencor, Simply eta BMko zuzendaritzei batzarrak eskatu dizkiete, ideia hauek guztiak helarazteko.