Nerea GOTI
DONOSTIA
Entrevista
NEKANE LEKUONA
ASPANOGI ELKARTEKO GIZARTE LANGILEA

«Minbizia tabua da; gainditu daitekeela pentsatu behar da»

Aspanogik 20. urteurrena ospatuko du gaur. Haurrak eta familiak izango dira protagonista nagusiak, baita elkartetik pasatu diren pirata guztiak ere. Ospakizunean, ondoan izango dituzte egunerokoan gertu dituztenak, bai osasungintzako langileak bai laguntzeko prest hurbiltzen zaizkien herritarrak. Izan ere, Nekane Lekuonak nabarmendu lez, Aspanogi familien eta norbanakoen «familia handi bat» da.

Lau familiak 1998an emandako lehen urrats hark beste asko ekarri ditu aterpe handi bat eraiki arte. Bi hamarkadatan zehar egindako lanari esker, haur minbizidunek eta beraien ingurukoek etxe handi bat dute orain Gipuzkoan, eta Aspanogi du izena. Samurtasunak eta elkartasunak inguratzen du etxe hori, eta osasungintzako langileekin eskuz esku aurrera eramaten duten lana da horren adierazle nagusietako bat. Talde handi bat osatzen dute guztiek eta hori ere oso presente egongo da gaurko ospakizunean.

Nekane Lekuona Aspanogiko gizarte langilea da. Gaur Donostian egingo duten jaialdiaren atarian harrera egin dio GARAri. Haur minbizidunen familientzat Aspanogi zer izan den galdetuta, Lekuonak argi dauka: «Batez ere, laguntza». Are gehiago, elkartea bera «aterpe» handi bat, «familia» handi moduko bat bilakatu da, non haurrak eta euren senitartekoak «ulertuak» sentitzen diren. Laguntza espezializatua ere lortzen dute, bakardadeari aurre egin eta beste begirada bat izateko.

Ezinbesteko bigarren galdera laguntza hori nola ematen duten da. «Arreta oso bat eskainiz», erantzun du Lekuonak. «Diagnostikoa ematen den unetik, gurasoek seme-alaba gaixorik dagoela dakitenetik eskaintzen zaio arreta haur gaixoari: arreta psikologikoa, arreta soziala… Adi egotea funtsezkoa da, haien beharrak zeintzuk diren jakiteko, zer gabezia dituzten... Eta ez bakarrik fisikoak, baita emozionalak eta sozialak ere. Horrekin lortzen dugu haur hori ahalik eta ondoen sentitzea, bai ospitalean bai ospitaletik kanpo», azaldu du.

Bide horretan, Aspanogiren laguntza eskaintza garatzen joan da pixkanaka-pixkanaka, «beharrizanetara egokitzeko». Ospitalean haurren aisialdirako jolas materialak eskaintzen dituzte, boluntarioen bisitak antolatzen dituzte, zaintzaileentzako arreta lantzen dute... «Zaintzailea zaintzen baduzu, arreta hobea eman ahalko dio haurrari», nabarmendu du Lekuonak. Gurasoei, besteak beste, doako bazkaltzeko txartelak eskaintzen dizkiete. Kontuan hartu behar da, askotan, gurasoek 24 ordu ematen dituztela haurren ondoan, eta, horrela, gutxienez bazkaltzeko tarte bat har dezaten bermatzen dute. Ospitaleko unitatearen barruan gurasoentzako gela bat egokitzea ere lortu du Aspanogik. Bertan lasai bazkal dezakete, dutxa bat hartu, beste senideekin solasean egon...

Oztopoak gainditzen lagundu

Duela gutxiko lorpena da, era berean, Amaran, Donostiako Unibertsitate Ospitaletik gertu beraz, Aspanogik pisu bat erabilgarri izatea. Haurrak ospitaleratuta dauden bitartean, gurasoek bertan atseden hartzeko aukera dute. Lekuonak azaltzen duenez, kontuan hartu behar da umeen familiak Gipuzkoako osokoak direla eta askok distantzia handiak egin behar dituztela; horregatik, etxebizitza hau erabili ahal izateak «oztopo batzuk gainditzen» laguntzen du.

Aspanogiko ordezkariak nabarmendu duenez, eskaintzen dituzten zerbitzuak denborarekin joan dira hobetzen. Giza eta arreta psikologikoa, batez ere azken hori, lehen puntualki soilik ematen zen, egun, baina, «gure elkarteko psikologoa egunero dago ospitalean gaixo eta familiei arreta eskaintzen. Osasun langileei ere ematen dizkie aholkuak eta laguntza. Sekulako hobekuntza izan da». Lekuonak gaineratu duenez, hasiera batean, minbizia zuten haurrak helduekin batera egoten ziren ospitalean. Horregatik, «lorpen handia» izan zen haurrontzat pediatrian aparteko gune berezi bat atontzea lortu izana.

Familiei gaixotasunari nola aurre egin “irakasten” ere saiatzen da Aspanogi. «Tabu bat dago minbiziarekin», Lekuonak nabarmendu duenez, «minbizia berdin beldurra» da ohiko lotura. Horri aurre egiteko, gida bat argitaratu dute gurasoentzat, gaixotasunari nola aurre egin azaltzeko, haurrari azaltzeko zer duen, anai-arrebekin jorratzeko gaixoari zer gertatzen zaion, kimioterapia eta erradioterapia zer diren, ilea zergatik erortzen zaien... Baina guztiaren gainetik mezu bat nabarmendu nahi dute: «Haurren %75 inguruk gaixotasuna gainditzen dute eta hori portzentaje altua da».

«Askotan hitza ez da jarri nahi, baina ‘minbizia’ da, eta diagnostikoa jaso duenak esan ahal du beste batek gainditu badu nik ere gainditu dezaket», nabarmendu du Lekuonak. Haurrei «naturaltasunez» hitz egin behar zaiela gaineratu du, «informazioa era ulergarrian eta poliki-poliki emanez». Ildo beretik, piraten figura bereziki landu du Aspanogik; «buruan zapia dute, borrokalariak dira, egunerokoa bizi eta abentura berriak gainditzeko prest daude».

Eguneroko borrokatik harago, baina, gaur ospatzeko eguna du Aspanogiren familia handiak, kalera irtetekoa. Goizetik bertatik egingo dute, 11:00etatik aurrera. Ordu horretan, Donostiako udaletxetik Kursaal jauregira kalejira abiatuko dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin eta beste hainbat gonbidaturekin. 12:00etan, berriz, “Aspanogirekin kantari” emanaldia hasiko da. Arratsaldean, berriz, 19.00etan, elkartasun kontzertua izango da. Goizeko eta arratsaldeko sarrerekin lortuko den dirua elkartearentzat izango da.