GARA
donostia

ELAk eta LABek, nork bere aldetik, grebara deitu dituzte zaharren egoitzak

ELAk eta LABek grebarako deialdi bana egin diete Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileei. ELAk bihartik hasita urte amaiera arte iragarri ditu lanuzteak, eta ostiralean LABen deialdiarekin kointzidituko du.

ELA sindikatuak aste honetan emango dio jarraipena irailaren 28an hasi zuen Gipuzkoako helduen egoitzetako greba aldiari. Bihar hasita ostegunera arte deitu ditu lanuztera sektoreko langileak, eta datozen hilabeteetarako greba egunak ere iragarri ditu prentsa-ohar bidez.

ELAk salatu du Gipuzkoako Erresidentzietako langileen aurkako «eraso larria» dela Lakuako Lan Sailak zerbitzu minimoak %50etik %70era igotzea. Sindikatuaren arabera, irailaren 28ko greba egunean zehar gertatutako «ezbeharrak» erabiltzen ditu Jaurlaritzak zerbitzu minimoen igoera justifikatzeko, baina berretsi du ez duela berririk egoera horren inguruan.

«Eusko Jaurlaritzaren jokaera langileen eskubideen aurka eraso egitea da, eta Gipuzkoako erresidentzietako langileen greba eskubidea baldintzatzea du helburu», adierazi du.

Horregatik, ELAk jakinarazi du ordenantzari helegitea aurkezteko aukera aztertzen ari dela, eta urte amaiera arte hainbat greba egun iragarri ditu Gipuzkoako zaharren egoitzetan, eguneko zentroetan eta tutoretzapeko pisuetan. Urriaren 24, 25 eta 26an, azaroaren 26, 27, 28 eta 29an eta abenduaren 24, 25, 26, 27, 28, 29, 30 eta 31n izango dira lanuzteak.

Negoziazio mahaia

Urtebeteko mobilizazioen ostean, LABek atzo Donostian emandako prentsaurrekoan jakinarazi zuen greba eguna deitu dutela ostiral honetan, «negoziazioaren blokeoaren aurrean hitzarmen duina lortzeko». Elkarretaratzea egingo dute 12.00etan, Donostiako Gipuzkoa plazan.

Iragan ostiralean, Gipuzkoako zaharren egoitzetako lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaia bildu zen, eta sindikatuak salatu duenez, Adegi, Matia 2020, Lares eta ACGG patronalek Gipuzkoako zaharren egoitzetako beharginentzat lan hitzarmen bat lortzeko «borondate eza erakutsi zuten».

Hitzarmen hori lortzeko LABek negoziazio mahaian proposatu dituen aldarrikapenak ondorengoak dira: oinarrizko soldata toki eta Foru Administrazioen menpe dauden langileen batez bestekoarekin homologatzea, kontratazioa zuzena, mugagabea eta aldi osokoa izatea, langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lan batzorde parekide bat eratzea eta langileen prestakuntza aintzat hartzea.

LABek salatu du patronalek azkenengo bileran aurkeztutako proposamenak ez diela eurek ezarritako baldintzei erantzuten, eta esan dute «nazkatuta» daudela patronalek duten jarrerarekin.

Ostiraleko greba egunak ELAk deitutako lanuztearekin kointzidituko duen arren, sindikatutik argi utzi nahi izan dute aparteko deialdiak direla. Bestalde, ohartarazi du egoerak berdin jarraituz gero greba egun gehiago deituko dituztela.